'Cold War'

Karolina Almagia 2018-10-15 08:15   Zinema kritikak

Protagonistak oso guapoak dira eta Joanna Kulig-ek kamara aurrean erakusten dauen indarra ukaezina da.

- Zuzendaritzea: Pawel Pawlikowski.

- Gidoia: Pawel Pawlikowski, Janusz Glowacki.

- Argazkilaritzea: Lukasz Zal (B&W)

- Aktoreak: Joanna Kulig, Tomasz Kot.

- Iraupena: 88 min.

- Herrialdea: Polonia.

- Generoa: melodramea.

- Balorazinoa: 3/5


Aurreko filmagaz, Ida, bitxia eta ederra, Pawel Pawlikowskik markea itxi eban zirkulu zinemazaleetan. Aurten, Cold war-ek kritika gehiena liluratu dau proiektau dan zinemaldi guztietan. Holan gertatu da Donostiako Zinemaldian be ze ‘Perlak’ sailean proiektatu eta gero, maisulan berbea entzun zan han eta hemen. Oso berba itxurabakoa, nire ustez, filmari darion preziosismo guztiaren atzean, kontakizun ahul bat dagoalako.

Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi eban Pawlikowskik zinta honegaz. Amodio gogor eta tensino handikoa dakarzku zuzendari poloniarrak, 1949an hasi eta 15 urtean zehar garatzen dana, batzez eta tirabirez betea, azpian egoera politikoa dagoala.

Horretarako, elipisiak erabilten ditu; hainbeste salto egiten ditu istorioan ze borondate eta gogo handia behar da sinisteko, ez baitau sakontzen personaien jokaeren arrazoietan. Hori dala eta, ez dau inor hunkitzen, nahiz eta amaiera tragikoa eta topikoa sartu.

Hori bai, faktura bikaina dakar pelikuleak, zuri-baltzean filmauta eta musika ederragaz. Protagonistak oso guapoak dira eta Joanna Kulig-ek kamara aurrean erakusten dauen erakarpena eta indarra ukaezina da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu