Munduko Poesia Kaieren beste ale bi kalean
2018-10-11 16:24 KultureaYannis Ritsos greziarraren eta Alejandra Pizarnik argentinarraren antologia bana euskeratu dabe.
Susa argitaletxeak Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean plazaratzen dauen Munduko Poesia Kaierak bildumeak beste ale bi ditu. Literatura unibersaleko autore esanguratsuen poemak euskeraz eskaintzea da bildumearen helburua.
2014an ekin eutsien proiektuari, urtero lau kaiera edo antologia plazaratzeko asmoz, bakotxa 64 orrialdekoa. Udabarrian bi eta udagoienean beste bi ateratzea da plana, eta oraingoz eutsi deutsie erritmoari. Dagoeneko, aurkeztu barri diran honeek biak kontuan hartuta, 28 liburu argitaratu ditue.
Hona hemen Munduko Poesia Kaierak bildumara batu diran azken ale biak:
- Yannis Ritsos (1909-1990): Greziako poeta handienen artean dago, adituen arabera. Bizitza gorabeheratsua izan eban, kartzelea behin baino gehiagotan zapaldu eban eta zentsureagaz adi ibili behar izan zan. Izan be, konpromiso politiko sendoa agertu eban, Alderdi Komunistako kide izan zan. Horrek guztiak arrastoa itxi eban haren poemetan.
Ritsosen obrea zabala eta askotarikoa da. Neurri, estilo eta gai ugari landu zituan. Horren guztien artean, adierazgarrienak aukeratu, eta Poesia Kaierak bildumarako euskeratu ditu Joannes Jauregik.
-Alejandra Pizarnik (1936-1972): Nazien erasotik Argentinara iges egin eban familia judu baten jaio zan. Hori dala eta, arrotz izatearen sentimendua agirikoa da haren olerkietan, Poesia Kaieretako antologian be nabarmena danez. Sentimendu hori, baina, ez da horren geografikoa, esistentziala baino: Autorearen eta munduaren arteko aldea sumatzen da.
Pizarniken poesia ni-ari estu lotuta dago, haren barruko gogoeta eta burrukei. Antologia honetako olerkiak Asier Sarasolak itzuli ditu euskerara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!