Motorren diseinuan 10. izan dira Bilboko Injinerutza Eskolako ikasleak

Bizkaie! 2018-10-11 13:26   Kulturea

15 ikaslek eregitako motorrak lasterketan lortu ditu emoitza onenak Alcañizeko zirkuituan.

Nazinoarteko MotoStudent lehiaketan parte hartu dauen Bilboko Injinerutza Eskolako taldeak meritu handiko hamargarren postua lortu dau, lehiaketako motorren diseinuan injinerutzako eta sorkuntzarako gaitasunari jagokonez mundu osoko unibersidadeak aztertzen dituan lehiaketa horretan. MotoStudent, Alcañizen (Teruel) dagoan MotorLand Aragón Zirkuituan egin da oraintsu.

Bilboko Injinerutza Eskoleak lehiaketara eroan dauen motorrak, 15 ikaslek eregi eta diseinautakoak, lasterketako probatan izan ditu emoitza onenak, baita mekanikan eta azelerazinoan be. Holan, entrenamenduetako gehieneko abiaduran zein azelerazinoan seigarren izan da; lasterketan zazpigarrena izan da; mekanikearen ebaluazinoan zortzigarren; eta karrerako denpora onenari eta sailkapeneko denpora onenari jagokenez, bederatzigarrena izan da.

Taldea 20 lehenengoen artean sailkatu da epaimahai teknikoak ebaluautako ia ganerako kategoria guztietan: 10. lekua izan dau Diseinu Onenaren atalean; 13.a gymkhana proban; 16.a proiektu industrialean; eta 18.a Barrikuntzan.

Bilboko Injinerutza Eskolako ordezkariek oso modu positiboan balorau dabe V. MotoStudent-en izan daben partaidetzea, ondo baino hobeto bete dabelako lehenengo 10 taldeen artean sailkatzeko helburua.

Era berean, nabarmentzekoa da sailkapenean Eskolako taldearen aurretik egon diran talde gehienak probara gidari erdi-profesionalakaz joan dirala, Espainiako edo Italiako abiadura txapelketa nazionaletan ibilitako gidariakaz, hain zuzen be. Esangura horretan, taldeak balioan jarri gura izan dau Mikel Aragunde gidariaren lana, mekanikaria lanbidez, eta Iparraldeko Txapelketako probatan bakarrik parte hartutakoa. Askoz be esperientzia handiagoa eben lehiakideei aurre egiteko gaitasuna erakutsi dau.

Injinerutza Eskolako ikasleek 25.500 euroko aurrekontua izan dabe ekimena aurrera eroateko. Babesleen artean honakoak dagoz: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal erakundea, EHU, Injinerutza Mekanikoko, Makinetako eta Motor termikoetako, eta Injinerutza Elektronikoko Departamentuak eta Hi-Sport Motos eta Promoto soziedadeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu