Josu Goikoetxeak eta Martin Etxeberriak poema-liburu bana aurkeztu dabe
2018-10-11 12:15 KultureaZer luzea negu hau eta Winston dira izenburuak, hurranez hurran.
Udagoien honetako nobedade literario bi batera aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak, Donostian egindako agerraldi baten. Biak be poesia-liburuak dira: Josu Goikoetxea bizkaitarraren lehenengo poemategia, Zer luzea negu hau; eta Martin Etxeberria gipuzkoarraren laugarrena, Winston. Xabier Mendiguren editorearen esanetan, alkarren arteko antzekotasunak daukiez liburu biek.
Josu Goikoetxeak aspalditik idatzi izan ditu olerkiak, baina orain arte ez ditu liburu baten batu eta argitaratu. Idazle gaztea (olioa mihisean) izenekoa, esate baterako, orain dala 18 urte inguru idatzi eban. Hori eta beste batzuk batu, eta liburua ateratzea adostu eban editoreagaz. Azkenaldion gehiago sortu ditu, liburua osotuteko. Dana dala, ez dauela sarri idazten izan autortu dau Goikoetxeak, azken hileotan hasi ei da ohiturea hartzen.
Olerkietako asko bizipenen ingurukoak dira, ilunak askotan. Gai ugari jorratu ditu: Guraso izatea, gizon-emakumeak, maskulinidadea, indarkeria... Horrezaz gan, istorio edo narrazino laburren itxurea hartzen daben poemak be idatzi ditu. Bost atal eta epilogoa ditu liburuak.
Martin Etxeberriak, ostera, bere hasierako lanetako ikuspegia berreskuratu nahi izan dau Winston izeneko liburu barriko olerkietan. Aurreko liburuaren tonu iluna baztertzeko ahalegina egin dau. Etxeberriak umorez esan dauenez, miresten dituan idazleak plagiau nahi izan ditu, baina ez dau lortu: Giuseppe Ungaretti, Charles Simic, Charles Baudelaire eta abar.
Winston-ek ez dauela hari edo ardatz jakin bat azaldu dau Etxeberriak. Beharbada, bere buruagandik iges egitea eta gero bueltetea izan leiteke liburuaren atzean dagoan idea, autorearen arabera. Dana dala, irakurlearen esku itxi dau poema-bildumeari zentzuna edo ardatza topetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!