Publizidadearen erronkak eta kazetaritza mobikorraren aukerak aztergai

Bizkaie! 2018-10-11 09:01   Kulturea

Izena emotea zabalik dago urriaren 19ra arte hemen.

Tokikom-ek, Toki Komunikabideen Bateraguneak, Tokikom Jardunaldiak egingo ditu urriaren 22an, EITB taldeagaz alkarlanean. Urte birik behin egiten dira jardunaldiok, eta edizino honetan MoJo edo kazetaritza mobikorra eta publizidadearen alorreko erronka tekniko eta legalak izango ditue berbagai.

Kazetaritzearen alde mobikorra azpimarratu nahi izan dogu aurten: alde batetik, gailu mobikorrek informazinoaren produkzino nahiz konsumo aldetik eragiten daben aldaketeagaitik, eta bestetik publizidadean sortzen dagoan jokera eta marko juridiko barrien erronketara egokitzeak dakarzkun jarrera dinamikoagaitik. Eta hain zuzen, dinamikotasunaren isla da aurten, jardunaldietako ponentzietan jasotako ezagutzan sakontzeko eta osotzeko antolatuko diran MoJo (Mobile Journalism) tailerretan parte hartzeko egongo dan aukerea.


Eskuko telefonoa eta kazetaritzearen etorkizuna

Jakina da eskuko telefonoen erabilereak goitik behera eraldatu dauela informazinoa konsumiduteko modua. Tokikom-en kasuan, adibidez, toki komunikabideetako webguneen bisiten % 60 baino gehiago gailu eskuko telefonoetatik etorten dira, eta portzentaje hori astiro baina etenbarik hazten doa, ganera.

Baina informazinoa konsumiduteko ez eze, informazinoa produziduteko modua be eraldatzen dago eskuko telefonoen eraginez; hori dala eta, Tokikom-ek hainbat aditu gonbidau ditu jardunaldiotara, mobikorrak kazetaritza lanetarako zelan aprobetxau ondo azaltzeko. Esangura horretan, RTVE-ko prestakuntza arduradunak, Santiago Hernándezek, eskuko telefonoak kazetarien lan jarioan txertatzeko hainbat esperientziaren barri emongo dau. Goiena Komunikazino Taldeak be adibide praktikoakaz erakutsiko dau zelan erabilten dabizen eskuko telefonoak eduki multimedia sortzeko. Eta kazetaritza mobikorrean aditua dan Ana Lopezek Instagram eta sare sozialen erabilera profesionalaz jardungo dau.


Publizidadea: erronka teknikoak eta legalak

Kazetaritzea legez, publizidadearen mundua etenbarik eta oso azkar aldatzen dago, eta horri be heldu nahi deutsie jardunaldiek. MEDIASAL agentziako planifikazino buruak, Asier Izturietak, publizidadearen munduan sortzen dagozan formatu eta euskarri barriez jardungo dau, adibide praktikoetan oinarrituta. Bestalde, IAB, International Advertising Bureau erakundeko Zuzendari Juridikoak, Paula Ortizek, Europako GPDR araudi barriak publizidadearen munduan dauen eraginaz eta bizi gareneko eszenatoki digital konplexuak publizidade eta negozio ikuspegitik sortzen dituan egoera barrien inguruan be jardungo dau.


Arratsaldean, MoJo tailer praktikoa

Goizeko berbaldi eta ponentzien ostean, arratsaldean zati praktikoa etorriko da, eta RTVE Institutuko formazio buruak, Santiago Hernandezek, tailer teoriko praktikoa eskainiko dau, eskuko telefonoagaz irudiak jaso, editau eta zabaltzeko software eta hardware tresnen inguruan.


Tokikom Sariak

Goizeko saioan zehar, Sarien hirugarren edizinoko sari banaketea egingo da. Sari horreekaz, Tokikom-ek toki komunikabideetako lanik onenak eta euskerazko publizidade kanpainarik onenak be saritu eta ezagutarazo nahi ditu.


EITBren Bilboko egoitzan

Jardunaldiak urriaren 22an izango dira, EITBren egoitzan, eta izen emotea zabalik dago urriaren 19ra arte. Informazino gehiago eskuratu edota izena emoteko, tokikom.eus/jardunaldiak webgunea bisitetea besterik ez dago.

Informazino gehiago: jardunaldiak@tokikom.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu