Bilboko Arte Eder Museoa Euskadiko Filmategiaren egoitzea izango da
2018-10-10 13:48 KultureaOrain arte Donostian egin diran zinema-zikloak Bilbon be ikusiko dira aurrerantzean.
Arte Eder Museoak eta Euskadiko Filmategiak lankidetzarako akordioa sinatu dabe, eta, horren bitartez, aurrerantzean, Bilboko museoak hartuko ditu Filmategiak antolaturiko zinema-zikloak. Bi erakundeetako arduradun nagusiak batu dira akordioaren aurkezpenean.
1978an sortu zan Filmategia, eta hauxe dau helburu: zinemearen ikuspegitik esanguratsuak diran filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, gordetea eta erakustea, batez be euskal zineman arretea ipinita. Era berean, Filmategian gordeten dira zinemagintzearen historiagaz eta kultureagaz lotutako agiriak eta material teknikoa. 2015etik Donostiako Tabakaleran dauka egoitzea.
Berrogei urteko ibilbidean, Arte Eder Museoak eta Filmategiak sarri kolaborau izan dabe, euskal zinemearen ondarea bultzatzeko eta zabaltzeko asmoz. Baina akordio honek mugarria ezarri dau erakunde bien arteko lankidetzan; izan be, Museoan erakutsiko dira Euskadiko Filmategiaren zikloak eta emonaldiak. Filmategiaren kolaboratzaile iraunkor eta erreferentziazkoa da orain Museoa, Tabakaleragaz batera.
Arte Eder Museoak zapaturo eskainiko ditu saioak, kultura zinematografikoa zabaltzeko asmoz, eta, horretarako, klase bitako lanak emongo ditu: euskal ondareari jagokozanak eta zinemearen historiako lan klasikoak.
Lankidetzeak laster izango dau estreinaldia, urriaren 13an bertan. Egun horretan hasiko da Helena Taberna zinemagileari buruzko atzera-begirako zabala. Abendura arte martxan egongo da, eta Bilbon zein Donostian egingo ditue saioak. Arte Eder Museoaren auditoriuma oraintsu zaharbarritu dabe eta 208 lagunentzako lekua dauka.
Ziklo horrezaz gan, lankidetzearen bitartez, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren Gustukuena/La favorita de… egitasmoa helduko da Bilbora. José Julián Bakedanok eta emakumezko euskal zinemagileen (H)EMEN kolektiboak aukeratutako filmak erakutsiko ditue.
Ganera, urteurren bi ekarriko ditue gogora: batetik, Euskadiko Filmategiak berrogei urte beteko ditu, eta, hori ospatzeko, Mercedes Álvarez zuzendariaren pelikula bi proiektauko ditue. Bestetik, Kimuak programeak hogei urte bete dituala be gogoratuko dabe.
Urriaren 13ko saioa, Helena Tabernaren atzera-begirakoko lehenengoa, 18:00etan hasiko da. Lau film labur proiektauko ditue: La mujer de Lot (1990), 87 cartas de amor (1992), Emiliana de Zubeldia (1993) eta Nerabe (1996). Darmouth-eko unibersidadeko Annabel Martín izango da aurkezlea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!