Bilbok Gabriel Arestiren eguna ospatuko dau hilaren 15ean

Bizkaie! 2018-10-10 12:23   Kulturea

Idazlearen lehenengo lan literarioak gogoan hartuko ditue.

Gabriel Aresti idazle eta euskera modernoaren bultzatzailea 1933ko urriaren 14an jaio zan, Bilbon. Haren jaiotzearen 85. urteurrena domekan izango da, eta, horri lotuta, Gabriel Arestiren omenezko eguna egingo dabe astelehenean, hilak 15. Goizean eta arratsaldean egongo dira ekitaldiak, Bilboko Udalak antolatuta.

Goizeko 11:00etan, Pio Baroja plazan, lora eskaintzea egingo dabe Arestiren gomutan. Ondoren, Udaleko ordezkariek adierazpen instituzionala irakurriko dabe.

Arratsaldeko 19:30etan, ostera, eguneko ekitaldi nagusia egingo dabe, Bidebarrieta liburutegian. Jon Kortazar unibersidadeko irakasle, idazle eta literaturan adituak berbaldia emongo dau, Arestiren lehen pausoak literaturan izenburupean. Idazle legez Arestik egindako lehenengo ahaleginak aztertuko ditu Kortazarrek. Horretarako, 1954an Arestik Euzko-Gogoa aldizkarira bialdutako eskutitz batzuetan oinarrituko da.

Jokin Zaitegik eta Andima Ibiñagabeitiak Guatemalan sortu eben Euzko-Gogoa. Arestik hara bialdutako gutunetan, olerki batzuk dagoz, baita idazle gaztearen asmoen inguruko azalpenak be. Orain arte, argitaratu barik egon dira horreek gutunak.

Eskutitzon bidez, solte egozan poema batzuk testuinguruan ipinten ditu Arestik. Rhapsodiak izenburuko liburu baten argitaratu nahi zituan, berak asmautako metrikeagaz. Sonetoak izeneko beste poemategi bat be plazaratu nahi eban. Azkenean, horreek planek ez eben aurrera egin. 

Jon Kortazarrek euskeraz emongo dau berbaldia. Amaitzen dauenean, Petti musikariak eta Udane Goikoetxea kazetari eta irakasleak Arestiren poemak musikaz jantziko ditue. Arestiren testu batzuei ahotsa jarriko deutse Goikoetxeak, Pettiren doinuek lagunduta.

2018/10/15 19:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu