X. Euskal Soziolinguistika Klusterra Bilbon

Bizkaie! 2018-10-10 10:54   Euskerea berbagai

Gaur hasiko da izena emoteko epea.



Euskal Soziolinguistika Klusterarra
ren hamargarren edizioa Bilbon egingo da zemendiaren 6an EHUko Bizkaia Aretoan. Imanol Larrea, Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak eta Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotziak aurkeztu ditue jardunaldiak.

Aukerea egongo da euskerearen bizibarritzearen inguruan aurrera eroaten dabizen ikerketa, barrikuntza eta garapen proiektuak modu desbardinetan ezagutu eta lantzeko. Parte hartu nahi dabenek gaur hasita emon leikie izena hemen.

Hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei jagokenez, berariazko ikuspegia behar dau ingurune digitalak. Hizkuntza komunidade bakotxak bere modura erantzun deutso testuinguru barrietara egokitzeko etenbako erronkeari. Erantzun horreen arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jarri daben hizkuntzak dagoz munduan. Holan, jardunaldi honetan nazinoarte mailako jokera nagusien barri izateko aukerea egongo da, arloaren ezagutza zuzena dabenen ahotik. Alde batetik, nazinoarte mailan gaia ikertu eta lantzen daben aditu erreferentzialak izango dira; eta bestetik, euskerearen kasua erarik sakonenean ezagutzen daben bertako eragileak.

Programea zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osotuko dabe. Aurten gai bat nagusituko da: Hizkuntzen bilakaerea ingurumen digitalean. Andras Kornai Doktorea (Budapest, 1957) mundu mailako erreferentzia da hizkuntzen bizitasun digitalari jagokonez. Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoala adierazo izan dau eta horri aurre egiteko gakoak zeintzuk diran azalduko dau. Ingelesez berba egingo dau Kornaik eta euskerara interpretazino zerbitzua eskuragai izango da behar dabenentzako.

Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskerearen inguruan lanean dabizen hainbat eragileren txandea izango da. Euskerearen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazinoa, Euskal Wikilarien Alkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazinoa eta Deustuko Unibersidadea zein Udako Euskal Unibersidadearen ikuspegiak ezagutzeko aukerea izango da hamarna minutuko aurkezpenetan.

Jardunaldian izena emondakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala be eskainiko da egitarauan. Aldi berean gauzatuko diran 4 lantegi aurreikusten dira: hizkuntza erabilerea bestelako faktore sozialakaz zelan lotzen den aztertzeko, lurralde bateko hizkuntza aniztasuna mapetara ekarteari buruzkoa (Gipuzkoako kasuan oinarritua), herri mailan hizkuntzeari lotutako aktibazinoaren gakoei buruzkoa eta lehen orduko saioei jarraipena emonez, euskereak ingurune digitalean dituan behar eta erronkei buruzkoa (Azkue Fundazinoaren gidaritzapean). Lantegiok Euskal Soziolinguistika Jardunaldian batutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna erakusteko gune izango dira. Alkarregaz sortu eta martxan dagozan proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Arratsaldean, lehen aldiz, Hausnartu Sarien banaketea Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitaraua txertatuko da. Bertan jakinarazoko dira lehen, bigarren eta hirugarren saridunak eta euren lanen laburpena jentaurrean aurkeztuko dabe, primizian Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituan lehiaketea da. Urtero, euskerea eta gizartea gai hartzen dituen ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Diziplina desbardinetatik proponidutako lanak izan daitekez: soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazino-zientzietatik, besteak beste

Arratsaldeko bigarren saioan, Soziolinguistika Klusterra aurrera eroaten dagoan zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak, ideak, tresnak eta ikasgaiak modu arinean aurkeztuko dira. Saioaren helburua da abian dagozan proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta horreen bidez eskuratutako emaitzak ezagutarazo.

Jardunaldian izena emateko epea zabalik da, zemendiaren 2ra arte. 50 euroko prezioa dau matrikula arruntak eta 40 euroko prezio murriztua ikasleentzat, lanbakoentzat eta Klusterreko bazkideentzat.


Soziologia Klusterra

Euskerearen garapen sozialaren ikergunea da Klusterra. 2004an sortu zan eta ordutik honako ibilbidean ikerketa-esperientzia, harreman-sarea eta ezagutzea sortu eta metatzen joan da. Helburua da ezagutza soziolinguistikoa sortzea eta kudeatzea euskerea bizibarritzeko prozesuaren erronka, interes eta beharrei erantzuteko. Horretarako bazkide, erakunde publiko, gizarte eragile, zientzialari eta bestelakoakaz alkarlanean proiektuak garatzen ditu, ezagutza teorikoaren eta arlo aplikatuaren arteko zubiak eregiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu