Euskal kantangintzearen eta idazleen arteko loturea aztertu dau Gotzon Barandiaranek
2018-10-10 08:54 KultureaSusa argitaletxearen eskutik dator Hitzen ahairea liburua.
Orain dala hamar urte inguru hasi zan aztertzen Gotzon Barandiaran euskal kanta ezagunen eta idazleen artean dagoan lotura estua. Izan be, euskaldun guztien gogoetan sartuta dagozan abesti ezagun ugariren berbak idazleek idatzitakoak dira. Idazleen eta musikarien arteko alkarlan horren inguruko hausnarketak batu ditu Barandiaranek liburu barrian.
Bilbon egindako aurkezpenean zehaztu dauenez, ez da euskal kantagintzearen historia azaltzeko liburua. Halandabe, azken hamarkadetako abesti esanguratsu askoren ezaugarrien eta garapenaren errepasoa topauko dau irakurleak, idazleen eta kantarien arteko hartu-emonetatik abiatuta.
Gogoeta ugari dakarz Hitzen ahairea liburuak. Izan be, alderdi askotatik begiratu deutso Barandiaranek euskal kantagintzeari: Herrigintzan izan dauen funtzinoa, emakumeen presentzia... 1960 eta 1970eko hamarkadetako abesti politikoetatik gaur egunera arte egon diran aldaketek zer pentsaua emon deutsie egileari. Izan be, ez dau iraganean geratu nahi izan, eta gaur egungo egoereari be begiratu deutso, etorkizuneko erronkak ezagutzeko asmoz.
Lehenengo eta oraingo belaunaldien artean dagoan etena konpontzeko deia egin dau Barandiaranek. Bere ustez, euskal kantagintzearen ondarea ondo ezagutu behar leukie belaunaldi gazteek, ondoren, oinarri hori hartuta, bide barriak topetako.
Hitzen ahairea liburuak Andoni Tolosa Morau musikariaren berbaurrea dakar. Ganera, papelezko argitalpenaren osogarri, liburuan aitatzen diran 140 kanten 227 bersino entzungai jarri ditu Barandiaranek interneten. Liburua bera eta abestien bersinoak Susa argitaletxearen webgunean deskargau leitekez (hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!