Antzerki eta jantza barritzaileenak, 20. BAD-en

Dabi Piedra 2018-10-09 13:24   Kulturea

Urriaren 17tik 28ra, bertoko eta kanpoko hainbat konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira Bilbon.

Nekane Alonso eta Alicia Otxandategi (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatutako BAD antzerki eta jantza garaikidearen jaialdia 20. edizinora helduko da aurten. Ohiko antzoki eta programazinoetan agiri ez ziran sorkuntza barritzaileei lekua egiteko sortu zan BAD eta, hamarkada bi geroago, sendottua eta erreferente bihurtuta dago, Nekane Alonso zinegotziak azpimarratu dauenez: Abangoardiaren eta ezohiko lanen aldeko apustua egin genduan.

Aurtengo edizinoa urriaren 17tik 28ra bitartean egingo dabe, Bilboko agertoki ezagun ugaritan: Arriaga Antzokian, BilbaoArten, Campos Antzokian, La Fundición Aretoan, Rekalde Aretoan, Pabilioi 6-n, Bulegoa z/b-n, La Bolsako udaltegian eta San Frantziskoko udaltegian.

Egitarauko 21 ikuskizunen artean, bederatzi estreinaldi dagozala nabarmendu dabe antolatzaileek, batzuk nazinoarteko artistenak. Bertoko sortzaileak be ez dira faltauko: Organik, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza, Mama Crea... aitatzekoa da BADek lau koprodukzinotan parte hartu dauela, sortzaile gazteei bultzadea emoteko eta arte eszenikoetan dabizanen lan baldintzak hobetzeko.

Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariaren arabera, aurtengo edizinoko euskal artisten artean konpainia ezagunak dagoz, baita hasten dagozanak be. Euskal eszena garaikidea gero eta indartsuago dagoala erakusten dau horrek.

Atzerritik etorriko diranen artean, Arkadi Zaides, Motus, Flora Detraz eta Sorour Darabi aitatu ditue antolatzaileek. Egitarau hori ikusita, BAD Europan erreferente dala dino Nekane Alonsok.

Aurtengo beste ezaugarri bat da konpainia askok lantzen dituela balioak euren sorkuntzetan. Aniztasuna, kritika soziala, askatasuna, identidadea eta halako gaiak aurreko urteetan baino gehiago agertuko dira aurtengo piezetan. Esate baterako, Arkadi Zaidesek Palestina eta Israelen arteko gatazkea jorratzen dauela eta Sorour Darabik genero identidadeen inguruko gogoetea egin dauela azaldu dau Alonsok.

Ikuskizunetako sarrerak salgai dagoz, webgunean eta txarteldegietan. Ganera, Rekalde Aretoan informazino puntua zabalduko dabe, argibideak emoteko eta sarrerak saltzeko. BilbaoArten eta Rekalde Aretoan, jarduera batzuk doban izango dira. Egitaraua, hemen.

Bestetik, ohikoa dan legez, profesionalentzako ekintzak be antolatu ditue. Urriaren 19an, San Frantziskoko udaltegian, Sandra Gomezek lantegi bat gidatuko dau. Egun berean, La Bolsan, errealidade handituak arte eszenikoetan dauen aplikazinoaren inguruko ikastaroa egongo da.

Natalia de Miguel eta Jorge Jauregui Allue artistek pieza labur bat interpretau dabe BAD aurkezteko ekitaldian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu