Toribio Etxebarriaren 'Viaje por el país de los recuerdos' liburua laster kalean

Bizkaie! 2018-10-09 10:57   Kulturea

Mexikon argitaratu eben lehenengo aldiz, 1968an.

Eibarko Plaza Barria, 1916an, Toribio Etxebarriak ezagutu eban legez. Argazkilaria: Indalezio Ojanguren (Udal Artxiboa). | Ikusi handiago | Argazki originala

Ego Ibarra batzordea liburuaren azken ikutuak emoten dabil, idazleak egin zituan bersino biak aintzat hartuta (1949, 1956) eta 1968ko lehen edizino ha kontuan izanda. Eibarko Udalak 1990an eta 2005ean kaleratu zituan Mexikoko edizinoaren berrinpresinoak; oraingo hau, ostera, edizio kritikotzat jo geinke, Etxebarriaren jatorrizko eskuizkribuetatik abiatutakoa dalako.

Lan horretan dabil Iñigo Artamendi Ortiz de Zárate eibartarra: estilo-zuzenketea amaitzen, arlo kritikoa osotzen, testuinguruko oharrak eta ohar topononomastikoak lantzen, aurkibide toponomastikoa egiten eta testua kaleratzeko moduan ixten.

Luis Castells katedratikoak, Eibarko humanista baten bidaia sentimentala izenburuko hitzaurre luzean ondokoa dino: Autormen bategaz hasiko naz: hirugarren aldia da Viaje por el País de los Recuerdos irakurri dodana eta aldi bakotxean gauza barriak ikasi ditut; lehenengo igarotako kontuei edo arretarik jarri bako alderdiei erreparau deutset […]

Liburua, izenburuak ondo adierazoten dauen legez, gomutak ardatz hartutako bidaia bat da; bere ibilbidearen bidaia sentimental bat, ume-sasoitik hasi eta gerra zibilera arte. Toribiok berak garai haretako gutunetan adierazo dauenez, liburua sendabide bat izan zan jaioterritik urrun bizi izateagaitik sentiduten eban herrimina leuntzen saiatzeko; horrek ez deutso sinisgarritasunik kentzen hemen kontatutakoari nahiz eta, ezinbestez, irristaldiren bat edo beste egin, aurreko edizino batean beste eibartar entzutetsu batek, Juan San Martinek, adierazo eban legez.

2018 honetan, denpora gitxi barru ikusiko dau argia sekula itzali ez dan liburuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu