Urriaren 20an hasiko dira Arabako Txapelketako kanporaketak
2018-10-09 08:50 BertsolaritzeaBost saiotan erabagiko da ze bertsolari egongo diran 2019ko azken kanporaketetan.
2019ko Arabako Bertsolari Txapelketeak sailkatze fasea izango dau, zezeiletik aurrerako kanporaketa nagusietan egongo diran bertsolariak zeintzuk izango diran jakiteko. Bost aurrekanporaketa izango dira danetara, urriaren 20tik 28ra.
Izena emon daben 27 bertsolarietatik 13 pasauko dira zezeileko azken kanporaketetara. Hortaz, Arabako Bertsozale Alkarteak zehaztu dauenez, era honetara erabagiko dabe aurrera nork egingo dauen: Bost saioetako irabazleak zuzenean pasauko dira, eta puntuen araberako sailkapenari begiratuko deutsie ganerako zortzirak aukeratzeko.
Aurreko edizinoko bost finalistak izena emon dabe 2019ko txapelketarako eta horreek ez dabe aurrekanporaketarik jokatu behar. Hortaz, zezeilean 18 bertsolari lehiatuko dira, horreek bostak eta urriko fase honetatik datozan beste 13.
Saioetan hamarna bertso puntuagarri bota beharko ditue: Binaka, gaia emonda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emonda, hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emonda, bertso bina zortziko txikian; eta bakarka, gaia emonda, bertso bina neurri librean.
Honeek dira bost kanporaketak:
Urriak 20, Maeztu (17:30): Andere Arriolabengoa, Izar Mendiguren, Unai Anda, Manu Bendala, Unai Gomez eta Aitor Ugarte. Gai jartzailea, Oier Suarez.
Urriak 21, Izoria (17:30): Paula Amilburu, Asier Rubio, Irati Anda, Unai Bengoetxea, Mikel Martin eta Markel Yoller. Gai jartzailea, Lierni Altuna.
Urriak 26, Bastida (20:00): Rikardo Gonzalez de Durana, Jon Ruiz de Pinedo, Xabier Antia, Iñaki Cabeza, Unai Mendibil eta Xabi Igoa. Gai jartzailea, Eli Plazaola.
Urriak 27, Agurain (17:30): Peru Abarrategi, Jagoba Apaolaza, Oier Arbina, Ainhoa Comas, Aitor Najera eta Iñaki Viñaspre. Gai jartzailea: Etxaun Otaño.
Urriak 28, Murgia (17:30): Felipe Zelaieta, Martin Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Beñat Garaio, Beñat Garaio, Xabier Rico eta Serapio Lopez. Gai jartzailea: Aitana Iradier.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!