Zinexit-ek 'Razzia' film korala estreinauko dau Euskadin

Bizkaie! 2018-10-09 08:12   Zinemea

Filma gaur, urriak 9, martitzenean, 19:30ean ikusi ahal izango da Azkuna Zentroko Golem zinemetako 1. aretoan.

Nabil Ayouch franko marokoar zuzendariaren Razzia azken filma aurkeztuko da, gaur martitzena, Bilbon, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzeak antolatzen dauen Zinexit, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketearen atarikoa dan Zinexit Topaketen laugarren edizinoan. Aurten bai Erakusketea baita Zinexit Topaketak bere Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrena dabe ardatz, eta Eskerrak berbearen inguruko mezua konpartidu eta zabaldu nahi dabe: Eskerrak Giza Eskubideei existiduteagaitik, eskerrak horreen bitartez lortutakoagaitik, eta eskerrak oraindino beteko ditugun erronka guztiak guri gogoratzeagaitik.

Euskadin estreinaldia dan Razzia filmak Maroko garaikidearen aniztasun korala azaldu eta zuzendariaren berbetan munduaren egoerearen barri dakarsku. Aniztasuna ezabatzeak biolentzia bihur daitekeen frustrazino eta gorrotora bideratzen gaituan munduaren barri. Bertan azaltzen diran istorioen bitartez, oraindino giza eskubideen inguruan egiteko dagoan guztia gogoratzen deusku Razzia-k:

1) Berebere haran batean arabierea irakasten behartuta dagoan maisuarena.
2) Aitak eta ingurukoek gaitzesten daben homosexualarena.
3) Erlijinoagaitik beste sexukoakaz harremanak izatea lortzen ez dauen enpresari judu arrakastatsuarena.
4) Uste baino senar tradizionalagoa dauen emakume moderno batena.

Razzia filmeko personaiek aurre egiten deutsie euren nortasun eta desioen arabera biziten ixten ez deutsen gizarteari eta, zuzendariaren berbetan, era desbardinez azaltzen dau egungo Marokon hainbat lagunek diran legez agertzeko, edota lagun hurkoa bere desbardintasunean onartu eta haregaz biziteko daben ezintasuna: nortasun ugariko herrialdea gara eta hori da gure aberastasuna.

Nabil Ayouch (Paris, 1969), aita marokoar eta ama tunisiar judu baten semea, telebista eta zinemako gidoigile eta produktorea da. Ali Zaoua, príncipe de Casablanca eta batez be, Los caballos de Dios, filmagaz egin zan ezagun nazinoarte mailan. Jihadismoaren kontakizun gordina dan azken film honek erantzun bikaina izan eban 2012ko Canneseko Zinemaldian eta urte berean, Film onenaren Urrezko Galburua jaso eban Valladolideko Zinemaldian. Urte honetako zezeilean Marokon estreinau dan Razzia filmagaz atzerriko film onenaren Oscar sarirako aurre izentaua izan da.


Proiekzinoa eta barriketaldia

Filma bihar, urriak 9, martitzenean, 19:30ean ikusi ahal izango da Azkuna Zentroko Golem zinemetako 1. aretoan. Sartzea doban da, baina leihatilan jasoko dan gonbidapena aurkeztu beharko da. Proiekzinoren ondoren, Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuta, Sofia Marroquín, Oxfam Intermonek Euskadin daukan ordezkariak parte hartuko dauen barriketaldia izango da. GKE honek, aldaketearen erdigunean emakumea jarrita, gizarte bardintsuago baten alde lan egiten dau eta, zenbaitetan, marokoar Gobernuaren errepresaliak jaso izan ditu. Emakume eta gazteakaz gauzatzen dau bere zeregin nagusia, ekonomia eta gizarte alorreko eskubideak eskuratu, emakume eta neskatoentzat indarkeriarik bako bizitza librea lortzen saiatu eta politika sozio-ekonomiko hobeak eskuratzeko lanean ibilten da.


IX. Zinexit zemendiaren 19tik 23ra

Desbardintasunaren errespetutik eztabaidea erraztu, eta euskal gizartean bakearen kulturea sustatzeko gauza dan zinemea, hezkuntza tresna legez aldarrikatzea da asmoa. Beraz, Zinexit-ek Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urtemugea ospatu nahi dau Eskerrak berbearen inguruko mezua konpartidu eta zabalduz; Eskerrak Giza Eskubideei existiduteagaitik, eskerrak honeen bitartez lortu danagaitik, eta eskerrak oraindino bete barik ditugun erronka guztiak guri gogoratzeagaitik.

Hezkuntza eta gizarteratze tresna sendoa da zinemea, ikuslea errealidade desbardinetara bideratu, eta aldi berean, bertan sortutako bidebakokeria eta inguruari buruzko eretxi kritikoa sortzeko kapaz dana. Esangura honetan, bizikidetzearen ikuspuntutik bideratutako bakean hezi, eta Giza Eskubideak ezagutzeko, hausnartzeko eta sustapenaren helburua lortzeko jarduera egokia da Zinexit. Aurreko edizinoetan legez, gizarte pedagogia proposamena dan Erakusketearen helburua Giza Eskubideakaz eta Bizikidetza Demokratikoagaz zerikusia daben gaien inguruan ikusleakaz eretxiak aldatu, eta eztabaidarako gune bat sortzea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu