Orain dala 2.000 urteko emakumeak, Bizkaiko Arkeologi Museoan

Bizkaie! 2018-10-09 08:01   Kulturea

Méridako aztarnategi arkeologikoko piezak ekarri ditue erakusketa honetarako.

Argazkia: Bizkaiko Arkeologi Museoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Mulieres: Emakumeak Augusta Emeritan izeneko erakusketa barria zabaldu dabe Bizkaiko Arkeologi Museoan, orain dala 2.000 urte bizi izan ziran emakumeen inguruko gogoetea zabaltzeko. Augusta Emerita, gaur egun Mérida, uri handia izan zan erromatarren sasoian, eta hango objektuak zein artelanak egongo dira ikusgai.

Hain zuzen be, Méridako Arte Erromatarraren Museo Nazionaleko zuzendari Trinidad Nogales Bilbora etorriko da, eta erakusketearen inaugurazino ekitaldian bisitaldia gidatuko dau, gaur. Orain dala hogei mendeko emakumeen bizitza publikoa eta pribadua, familia, amatasuna, heriotzea, prestakuntza kulturala eta poterea aitatuko ditu bere azalpenean, erakusketeak be alor horreek agertuko ditu eta.

Bakarrak diran 80 pieza ikusi ahal izango dira Arkeologi Museoan, Méridatik ekarriak. Eskulturak, bitxiak, hilarriak eta abar dira. Euskal Herriko aztarnategietan agertutako pieza batzukaz osotu dabe erakusketea. Esate baterako, Gipuzkoako Higer lurmuturretik hur topautako brontzezko figura bi eta Foruan agertutako estatua txiki bat ikusi leitekez, baita Galdakaon agertutako hilarri bat eta Urduñan topautako txanpon bat be.

Erakusketa hau Méridako Antzerki Klasikoko Nazinoarteko Jaialdiaren, Méridako Arte Erromatarraren Museo Nazionalaren, Irungo Oiasso Museo Erromatarraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoaren arteko lankidetzeari esker antolatu dabe. Europako Ondarearen Jardunaldien barruan dago.

2019ko zezeilaren 3ra arte egongo da zabalik Mulieres: Emakumeak Augusta Emeritan. Eguazten eta barikuetan bisitaldi gidatuak egongo dira. Ganera, ganerako egunetan be egin leiteke bisitaldi gidatua, aurretik eskaria egin eta museoagaz adostu ezkero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu