Euskera Batuaren Adierazpena sinatu dabe 36 erakundek
2018-10-08 08:00 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak konpromisoa adierazo deutso gizarteari, pedagogiaren eta konpromisoaren aldetik, eta ideologia politikoetatik at.
Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarraren amaiera legez, 36 eragile publiko zein pribatuk Euskera Batuaren Adierazpena berretsi dabe, hain zuzen, orain 50 urte, euskera batuak sorleku ofiziala izan eban toki berean. Hamar puntuz osoturiko agiria da erakunde, instituzino eta alkarteek sinatu dabena, aldez aurretik, Joan Mari Torrealdai idazle eta euskaltzainak irakurria.
Sinatzaileek euskera batuaren sorrerea bultzatu eben printzipioak berresten dituela dakar lehen puntuak. Euskaltzaindia joan dan mende erdian euskalgintzan nagusitzen joiazan hizkuntza planteamendu barrietan partaide izan dala jasoten dau bigarrenak. Hirugarrenak, prozesu honetan parte hartu daben hainbaten lanaren autortzea egiten dau, eta esangura horretan, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik bidegile izan diran guztiak omentzen dira laugarrenean.
Bosgarren puntuaren arabera, Euskaltzaindiak dei egiten deutse belaunaldi barriei, euskera batua bere-berea izan deien, belaunaldi bakotxak dauen eite eta tankera propioak kontuan izanik. Seigarrenak Euskaltzaindiaren kezka jasoten dau, hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu dan zenbait eretxi eta jokamolde dirala-eta. Zazpigarren puntuak dakar Euskaltzaindiak konpromisoa adierazoten deutsola gizarteari, pedagogiaren eta konpromisoaren aldetik, eta ideologia politikoetatik at.
Zortzigarrenak, euskera batuaren erabilera sozialari laguntzinoa emon behar jakola berresten dau, eta horrenbestez, erabileraeri bidea erraztu behar jakola nabarmentzen dau.
Euskaltzaindia bere jarduna erabarritzen dagoala dakar bederatzigarrenak; erabilera soziala helmuga izanik, gizarte moderno baten beharrei aurre egitea lehentasunezko dauela.
Euskera batuak euskerearentzat eremu barriak irabazi dituala nabarmentzen dau hamargarren eta azken puntuak; eta ondare hori hurrengo belaunaldien esku jarri behar horretan, oraindino be badala irabazi beharreko esparrurik.
Andres Urrutia euskaltzainburuak Biltzarraren balantze labur bat egin eta akademiak hurrengo urteetarako ondu dauen bide-orria azaldu dau, Euskera Batuaren Adierazpenari heldu aurretik. Besteak beste, eta behar komunikatiboen izenean, euskera batua eta tokian tokiko euskerak ondo buztartzeko preminea azpimarratu dau.
Euskera Batuaren Eskuliburua eta webgune erabarritua, nonahi eta noiznahi erabilgarri
Euskaltzaindiak harribitxi praktiko bi aurkeztu ditu, zein baino zein erabilgarriago: Euskaltzaindiaren webgune erabarritua bata, eta Euskera Batuaren eskuliburua, bestea.
Euskaltzaindiaren webgune barrituak (www.euskaltzaindia.eus) estetika argiagoa eta modernoagoa dakar, eta nabigazinoa erraztea izan dau kontuan lantaldeak, hau da, erabiltzaileak beti jakin daian non dagoan eta zelan heldu edukietara. Egungo tresna guztietara egokituta dago: eskuko telefonoak, tabletak, ordenagailu eroangarriak nahiz pantaila handiak. Hizkuntza-baliabideak noiznahi eskura izateko ahalegin berezia dago webgune erabarrituaren atzean, konsultagarri dagozalako sarean hiztegiak, corpusak, hizkuntza-atlasa, gramatikea, onomastikea, arauak,... baita Euskera Batuaren Eskuliburua bera be.
Konsultarako nahiz lanerako tresnea danez, bilaketa sistema aurreratuak be eskaintzen ditu, eta iragazketak egiteko aukerak, tesaurus baten laguntzinoari esker. Konsultagarri jarri ditue Euskera agerkariaren hemerotekea, bildumak, testu-funtsak eta beste hainbat argitalpen digital be.
Horrez guztiaz gan, etenbarik barritzen da informazinoa, Plazaberri albistariaren bidez, agendea eguneratuz, nahiz Facebook, Twitter eta Instagramen edukiak jarriz.
Jarraibidez osoturiko liburu praktiko bat
Bigarren harribitxiak, Euskera Batuaren Eskuliburuak arau, gomendio nahiz bestelako eriszpenak era didaktikoan birformuletea dau helburu. Alor askotatik batutako informazinoa agiri da eskuliburuan: lexikoa, kalkoak, ahoskerea, ortotipografia eta beste.
Sarreretako bakotxean, argi adierazoten da zer dauen Euskaltzaindiak arau moduan emona, eta zer ez, zer dan ebatzia eta zer dan gomendio edo hobespena. Edota non komenidu dan batasuna egitea.
Euskaldun eskoladun edo alfabetatuari zuzendua da, hau da, irakasle, idazle, hizkuntza-teknikari, argitaletxeetako hizkuntza-zuzentzaile, itzultzaile, hedabideetako kazetari-esatari eta hizkuntza-kontuetan jakingurea dauen edonori. Jarraibidez osoturiko liburu praktiko bat da.
Adibide bat jartearren, har daigun Zorionak! sarrerea; honako hau dakar: 'Interjekzino modura erabilita, guztiz jatorra da (Zorionak eta urte barri on!, adibidez), baina okerra da urtebetetze berbearen sinonimo lez erabilita (*Gaur nire zorionak dira). Horren ordez, Gaur nire urtebetetzea da/ Gaur nire urtebetetze-eguna da esan behar da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!