Oinarri sendoak dituan komunidadea: Urretxu-Zumarraga Ikastolea

Bizkaie! 2018-10-08 08:29   Euskerea berbagai

Euriak ez ditu euskaltzaleak kikildu Kilometroak jaian.

Kilometroak 2018 jaira gonbidauta egon ez arren, euria izan da atzo Urretxun eta Zumarragan protagonista. Ez, ostera, bakarra, izan be, azken egunotan eta urte osoan egindako lanak argi erakusten dau oinarri sendoak dituan komunidadea osotzen dauela Urretxu-Zumarraga Ikastoleak.

Milaka lagun espero ziran, baina giroa ez da lagun izan, eta jente gitxiago hurreratu da Urola Garaiko udalerri biotara. Hori dala eta, laguntzerik izan ez daben herritarrek euren ekarpena egiteko aukerea izango dabe; horretarako hiru kontu korronte dagoz zabalik:

Rural Kutxa: 3008 0158 3336 2854 4227
Kutxabank: 2095 5001 00 911 7322404
Laboral Kutxa: 3035 0027 76 0270053696

Oztopoak oztopo, lasaitasunean eta giro onean joan da eguna. Eguraldi makurrak ez dau atondutako egitaraua zapuztu, nahiz eta zenbait ekitaldi moldatu behar izan diran. Era berean, arratsalderako iragarrita egoan Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazinoaren erakustaldia bertan behera geratu da, materiala kaltetzeko arriskuagaitik.

Alabaina, egunak ezusteko politak be ekarri ditu: Urretxu-Zumarraga Ikastolako eraikina gune inprobisatu bihurtu da ze euri zaparradetatik babestu asmoz familia askok erabili dau eraikina babesleku legez: HHko gunea jolas-parke modura erabili dabe txikienek, eta jantokia bazkaritarako.


Erronkearen bandera, etxean

Gipuzkoako hemezortzi ikastolatako gazteak egun osoan ibili dira Erronkan euren trebezia erakusten. Lau guneetan barrena egin ditue probak goizean, eta arratsaldean Ikastolako gunean dagoan ugerlekuan jokatu dabe finala.

Arratsaldeko proba guztiak uretan izan dira. Finala Ikastola guztien parte hartzeagaz abiatu da, eta azken fasera lau sailkatu dira: Anoetako Herri Ikastolea, Zarauzko Salbatore Mitxelena, Orioko Herri Ikastolea eta Urretxu-Zumarraga Ikastolea.

Herriko Ikastoleak irabazi dau. Anfitrioi lanetan ibili dan taldearen esfortzuak saria izan dau. Bigarren Orioko Herri Ikastolea sailkatu da, hirugarren Zarauzko Salbatore Mitxelena eta laugarren Anoetako Herri Ikastolea.

Urretxu-Zumarraga Ikastolako taldearen kapitainak Ainhoa Sanz eta Garazi Merino izan dira. Eñaut Urbizuren gidaritzea izan daben DBH4ko ikasleak bikain ibili dira, eta Erronkearen ikurrinea eskuratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu