'Euskaltzaindia lanera dator'

Bizkaie! 2018-10-05 10:39   Euskerea berbagai

Arantzazutik mundu zabalera (1968-2018): 23 hizlarik parte hartu dabe estreinako jardunaldian.

Euskaltzaindia  lanera dator esanez ekin deutso Andres Urrutiak bere berbaldiari, instituzinoetako ordezkariek Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrari hasierea emon eta jarraian. Euskaltzaindiak bere ibilbidean hartutako ardurak, hau da, normatibizazinoa eta normalizazinoa, berretsi diralako pozik agertu da euskaltzainburua, eta alkarregaz jarduteko aldarrikapena egin dau behin eta barriro, danon artean egin behar dogulako etorkizuneko euskera batua. Esangura horretan, Biltzarra Euskerearen munduagaz gogoetea ontzeko abagune jo dau, eta, bide batez, euskera batuaren nondik norakoak zabal-zabalik aztertzeko eta zedarritzeko hitzordu garrantzitsu, horretan dagoalako neurri handi batean, euskerearen etorkizuna.

Euskerearen batasuna bultzatzeko ezinbesteko ikusten dituan ardatz estrategikoak zehaztu ditu ondoren; hasteko eta behin, lurraldetasuna arreta bereziz lantzea, euskerearen lurralde bakotxeko eragileakaz alkarlanean ibilita, hitzarmenak lortuz eta Euskaltzaindiaren presentzia areagotuz. Beste bost ardatz aitatu ditu gero: euskerearen inguruan dagozan preminei erantzutea; Akademiaren erreferentzialtasuna bermatzea, erabiltzaileak erakarriz edota irakasle, hizkuntza teknikari nahiz ganerako bitartekari linguistikoakaz lan eginez; erakundearen ikusgarritasuna areagotzea; berme zientifikoak eskaintzea; eta, azkenik, Euskaltzaindiaren osoketeari eta araugintzeari buruzko gogoeta sakona hastea, mendeurrenaren harian.

Gurea filma da, nabarmendu dau Urrutiak, tai gabe mobiduten dana, eta horri jarraipena emotea egungo errealidadeak zehaztutako premina eta beharrak aintzat hartzea da. Gaurko erronkea, orain 50 urtekoa ez bezela, ez baita huts-hutsean euskera batua / euskalkiak bikotea, ezpada berbakera arrunta / berbakera bereziak bitasuna.

Ikuspegi sozial eta historikoei eta linguistikeari loturiko berbaldiak heldu dira Urrutiarenaren ostean, Euskaltzaindiaren sorrerea eta euskera batuaren egitasmoa testuinguruan jarriz batetik, eta bestetik, onomastiken eta hiztegigintzearen ganekoak.

Miren Azkarate euskaltzaina, esate baterako, hemendik aurrera zer? galdereari erantzuten saiatu da, arau gehiago emon behar ditugu, ala aholkuak emoteari heldu behar jako?. Haren ustez beharrezkoena, euskera batuaren, euskalkien eta tokian tokikoen plangintzea egitea izango da, eta hor ez dago muga iragangatxik. Adibideak jarrita, tokian tokiko aldizkarietan zelan idatzi behar ete dan jarri dau mahai gainean, Zuazok dinoan legez, tokiko batuak behar ditugu?. Bestalde, euskera batuaren gaineko jarrerak be kontuan hartzekoak dirala nabarmendu, eta ezinbesteko jo dau ahozkoa lantzea, besteak beste, erregistro informaletan erderara joten dalako, eta ikus-entzunezko medioetan, ETBn kasura, gazteei erakargarriago egiteko-edo, tokian tokiko berbakerei bultzada garbia emoten jakelako. Bide-orria danon artean erabagi behar dala eta plangintzea behetik gora egiten asmetan ez bada, alferrik etorri gara azpimarratu dau Azkaratek.

Euskaltzaindiaren leloak laburbatu dau ondoren, aurrera begira aurreikusten dana: lehenengo ekin eta ondoren jarraitu beharra, ezinbestean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu