Gaztaiaren III. Kongresua egiten dabiz Ordizian
2018-10-05 08:05 Jan edanakEHUren Udako Ikastaroen barruan antolatu dabe, Idiazabal Kofradiaren gidaritzapean.
Atzo eta gaur egiten dabiz, Ordizian, Gaztaiaren III. Kongresua, gaztaiari, batez be Idiazabal jatorri deiturakoari, jagokon balioa emoteko eta artzaintzak elikaduran egiten dauen ekarpena azpimarratzeko asmoz. Hiru saiotan, Mendialdeko Gaztaiak, Artzain Gaztaiak eta Idiazabal gaztaiaren inguruko Turismoa eta Gastronomia gaiak landuko ditue, besteak beste.
Topaketa honen bitartez, artzaintzearen jarduerea eta Idiazabal gaztaia gizarteari hurreratzea dira helburuak, kontsumitzaileen konpromisoa lortzeko, produktuaren kalidadea eta produktua lantzeak dakarren lana ezagututa bertako produktuen alde egin deien euren erosketetan.
Biltzarra hasteko ekitaldian hartu dabe parte Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arrutik, Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak, EHUko errektore Nekane Balluerkak eta Ordiziako Gaztaiaren Kofradiako kide Jesus Mari Ormaetxeak.
Oroz sailburuak azpimarratu dau artzaintzea Elikadurearen Balio Katea dalakoaren adierazleetako bat dala, eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen dituala. Artzaintzea eta horren ondoriozko jarduera guztiak enplegua sortzen eta ekonomia aberasten daben faktoreak dira, lehenengo sektorean ez eze, elikagaien industriaren sektorean be bai, adierazo dau sailburuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!