Atzerriko hizkuntzako alkarrizketa-laguntzaileek asteon ekingo deutsie lanari
2018-10-04 11:51 KultureaIkasleen artean atzerriko hizkuntzetan ahozkotasuna lantzea dabe zeregin nagusi.
Aurtengo ikasturte honetan Euskadin ibiliko diran Atzerriko hizkuntzako 162 alkarrizketa-laguntzailek aste honetan zehar ekingo deutsie ikasgeletako jardunari. Lehen Hezkuntzako DBH eta Batxilergoko ikasleakaz ibiliko dira lanean, baina euretako batzuek Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleakaz be egingo dabe lan. Holan, Euskadiko 140 ikastetxe publiko inguruk izango dabe laguntzaileren bat, ikasturte honetan.
Baina, ikasgeletan euren egitekoari ekin aurretik, prestakuntza-jardunaldi batean hartu dabe parte egunotan gazteok Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Saio horreetan, Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariaren agurra eta aurkezpenaren ondoren, orientazinoa jaso dabe alkarrizketa-eskolak planifikau eta atontzeko. Era berean, ahozkotasuna lantzeko tailerrean nahiz euskal kulturara eta hizkuntzara hurreratzeko saioetan be parte hartu dabe.
Euskal Autonomia Erkidegoan ikasturte honetan lan egingo daben alkarrizketa-laguntzaileetatik % 84 inguru Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantziau ditu, eta ganerako % 16 Hezkuntza Ministerioaren kupoari jagokoz. Kasu guztietan, ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo errusiera berba egiten daben herrialdeetako bertako personak dira. Hizkuntzen arabera, holan banatuta dagoz:
- Ingelesean, 141 alkarrizketa-laguntzaile.
- Frantsesean, 14 alkarrizketa-laguntzaile.
- Alemanean, 5 alkarrizketa-laguntzaile.
- Italieran, alkarrizketa-laguntzaile 1.
- Errusieran, alkarrizketa-laguntzaile 1.
Euskal Autonomia Erkidegoan, honako herrialde honeetako alkarrizketa-laguntzaileak jaso ditugu aurten: Alemania, Australia, Austria, Belgika, Herbehereak, Kanada, Erresuma Batua, Errusia, AEB, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Irlanda, Italia, Maroko, Norvegia, Zeelanda Barria eta Suedia.
Ahozkotasuna indartzea
Alkarrizketa-laguntzailea graduadu barria edo azken ikasturteko unibersidade-ikaslea izaten da bere jatorrizko herrialdean. Ez jako irakasle titular baten erantzukizunik esleitzen laguntzaileari. Beraz, ez da irakaskuntzan bera bakarrik ibilten. Alkarrizketa-laguntzaileek irakasleei laguntzen deutsee atzerriko hizkuntzako eskoletan, eta euren berariazko eginkizunek ikasleen ahozko trebetasunak indartzea dabe helburu. Astean 12 orduz emoten ditue eskolak, irakasle titularrak lagunduta, baina sekula bakarrik.
Irakasleak koordinauta eta gainbegiratuta, laguntzaileari, besteak beste, eginkizun honeek emon ahal izango jakoz: alkarrizketako berariazko praktikak, irakasleen prestakuntzea, hizkuntzea eta kulturea ikasteko materialak atontzea edo euren herrialdeko kulturara hurreraketea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!