Euskera irakasle bila dabiz Boiseko Unibersidadean
2018-10-04 10:04 Euskaldunak munduanZemendiaren 4ra arte aurkeztu leitekez hautagaitzak.
Euskerea eta Euskal Kulturea erakutsiko dituan irakurlea hartzeko deialdia zabaldu dau AEBetako Boise uriko Boise State Unibersidadeak (BSU). 2019ko abuztuaren 1ean hasita, bederatzi hileko kontratua izango da, gero barriztau ahal izango dana. Gehienbat, irakasle lanetan jardun beharko dau aukeratutako personeak, baina ikerketara eta zeregin administratiboetara bideratu beharko ditu bere lanaldiaren ordu batzuk.
Euskerea, euskal kulturea eta Euskal Herriko historia erakutsi beharko deutsez irakurleak Boise State-ko ikasleei, baina hautagaiek egindako beste proposamen batzuk be kontuan hartuko ditue, gaiagaz zerikusia izan ezkero. Munduko Hizkuntzen Departamenduagaz alkarlanean ibiliko da euskal irakurlea, baita Boiseko euskal komunidadeagaz be. Izan be, euskal jatorriko biztanle gehien daukazan AEBetako urietako bat da Boise.
Hautagaiek, besteak beste, doktorautzea eginda euki beharko dabe, euskal gaien inguruko alor baten. Ganera, irakasle lanetan eskarmentudunak izan beharko dira eta gitxienez hiru hizkuntza jakin: Ingelesa, euskerea eta gaztelania. Zemendiaren 4ra arte bialdu leitekez hautagaitzak. Baldintza guztiak, ingelesez, hemen.
Etxepare Euskal Institutuak zabaldu dau Boiseko unibersidadearen deialdi honen barri. Izan be, Etxeparek euskal irakurleen sare zabala dauka mundu guztian. Horri esker, munduko 34 unibersidadetan euskerea eta euskal kulturea erakusteko programak dagoz martxan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!