'Soka' erakusketeagaz hasiko dira VIII. Iparra Galdu Gabe Jardunaldiak Getxon

Bizkaie! 2018-10-04 08:37   Kulturea

Ekimenaren helburua da Ipar Euskal Herriaren errealidadea Getxora hurreratzea.

Soka, Euskal jantzearen urratsetan izeneko erakusketeak ekingo deutso gaur Iparraldeari buruzko Iparra Galdu Gabe Jardunaldien zortzigarren edizinoari. Getxoko Udalak antolatuta, EKE, Euskal Kultur Erakundeagaz lankidetzan eta udalerriko euskalgintzeagaz eta aurten jantza taldeakaz batera, aurrekoetan bezala, ekimenaren helburua da Ipar Euskal Herriaren errealidadea Getxora hurreratzea. Hainbat ikuskizun, barriketa eta ekitaldigaz batera, euskal nortasuna adierazoten dauen euskal jantzeari (arpegi soziala, historiko eta artistikoak) buruzko erakusketea zabaltzeko ekitaldia bihar, eguenean, urriaren 4an, 19:00etan izango da RKEn, Romo Kultur Etxean, Imanol Landa Getxoko Alkatearen eta Pantxoa Etchegoinek Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren eskutik. Ekitaldian oroigarri bat emongo deutsee Getxon jaio eta Iparraldean bizi eta euskal jantzak erakusten lan handia egin eban Koldo Zabala (1935-2014) jantzari eta koreografoaren familiari.

Aurreko edizinoetan legez, Jardunaldiek laguntzen deuskue Iparraldearen errealidadea hobeto ezagutzen eta orain, euskaldunentzat garrantzitsua dan jantzearen ingurukoak hurreratuko deuskuz EKEk antolatutako Soka erakusketa ibiltariak, nabarmendu dau Koldo Iturbe, Euskera zinegotziak. Erakusketan Getxok partaidetza berezia deu, auzokidea izan zan Koldo Zabalari esker ona eskaini nahi deutsolako eta Getxophotok jantzari getxotar batzuei ateratako formatu handiko hiru anaglifo (betaurreko bereziak hiru dimensinotan egongo balira legez ikusten diran irudiak) aurkezten baitu. Ohikoa dan legez, oso garrantzitsua da Jardunaldiak aurrera eroateko, erakundeok egiten dogun lanaz gan, herriko alkarteek, kasu honetan euskera alkarteek (Egizu, Bizarra Lepoan, Azebarri) eta jantza taldeek egindako lana. Oso erakusketa erakargarria da eta horregaitik herritarrak gonbidatzen ditugu hurreratura eta antolatutako dobako bisita gidatuetan izena emon deien. Horregaz batera, hilebete luzean izango diran ganerako jarduerakaz be gozau ahal izango dabe getxotarrek, gehitu dau Iturbek.

Bestalde, Pantxoa Etchegoinek nabarmendu dau orain 20 bat urte hasi zala Getxogaz lan egiten eta Jardunaldiak oso sustraituta dagozala. Aurtengo erakusketea berezia da, azken urteotan herriz herri dabilena: Jente askok egiten dau jantzan Euskal Herrian eta erakusketeari Soka izena emon deutsagu, ezaguna dan jantza horregaitik, baina badakigu jantzek loturea dubela gizarteagaz eta jentea lotzen dala jantzen bitartez eta hori erakutsi nahi dogu izen hori emonez, baita lotu gaitezen be, lotura izan daiten euskal kultureagaz gure gizartean, adierazo dau Etchegoinek.


Soka erakusketea

Euskal jantzak ezagutzera emotea helburu dauen erakusketea urriaren 4tik zemendiaren 4ra egongo da ikusgai RKEn. Erakusketa multimedia da, 400 ilustrazino baino gehiago dituana, eta horreen artean dagoz argazki bildumak, filmak, lekukotasunak, soinu zatiak edo euskal jantzen estetikaz edo alderdi sozialaz egindako bideo sorkuntzaz. Horreen bitartez erakutsi nahi da euskerea eta euskal jantzak dirala euskaldunak komuniketako, sentiduteko eta biziteko dituen berezko lengoaiak, hitzen bidez gorpuzten baita euskerea, eta gorputzaren bidez euskal jantzak, eta belaunaldiz belaunaldi plazara Soka jantzan eskuak lotuta jantzan urteteak iradokitzen dauela transmisino hori.

Erakusketak hurrengo lau atal ditu: Zergaitik egiten dogu jantzan?, Euskal jantzak eta historia, Jantzak eta gizartea, eta Sorkuntzearen bideak.


Bisita gidatuak erakusketara

Getxoko Udalak hainbat bisita gidatu antolatu ditu, herritarrentzat, baita berezi batzuk institutuetako ikasleentzat eta jantza taldeetako kideentzat be. Bisita gidatuak, jantzari getxotar baten eskutik, urriaren 15etik 26ra izango dira, doban, astean zehar, 9:30ean, 10:30ean, 11:30ean, 17:00, 18:00 eta 19:00etan, eta asteburuetan 11:00, 12:00, 13:00, 17:00, 18:00 eta 19:00etan. Izena emoteko 94 466 00 22 telefono zenbakira deitu behar dabe persona interesatuek.

Erakusketea bisitetako ordutegia astelehenetik barikura 08:00etatik 22:00etara izango da, eta asteburuetan, 09:00etatik 21:00etara.


Egitaraua

Iparra Galdu Gabe Jardunaldien VIII. edizinoak egitarau zabala antolatu dau publiko guztientzat, hilebete luzean; esangura horretan, erakusketeagaz batera, urriaren 4tik zemendiaren 4ra, berbaldiak, antzerkia, ardaoa probetea, literatura barriketaldiak, kontzertua, jantzak, kantu afaria eta irakurketa musikalak izango dira. Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu