GPL eta Creative Commons lizentziak euskeraz eskuragarri dagoz

Bizkaie! 2018-10-03 13:51   Euskerea berbagai

Eskura dagoz euskadi.eus eta Creative Commons eta GNU fundazinoen webguneetan.

Argazkia: @sebastian_unrau | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskerearen Aholku Batzordeak azken hilebeteotan egindako lanari esker, gaurtik aurrera eskuragarri dagoz sarean GPL eta Creative Commons lizentziak euskeraz. Lizentzia bi horreek egile eskubideakaz lotuta dagoz eta Interneteko erabilienak dira. Pausu honen helburua da euskereak ingurune digitalean dauen pisua indartzen jarraitzea.

Aukera honek Euskerearen Aholku Batzordeak emondako gomendioen ondorioz sortu da, izan be, 2016an gomendatu eban GPL eta Creative Commons lizentzien azken bersinoak euskeratzeko pausu guztiak emotea: 'Komeniduko litzateke Eusko Jaurlaritzearen baliabideakaz euskerearen eta zuzenbidearen ikuspuntutik bersino honeen eta ondorengoen kalidadezko itzulpenak eta lokalizazinoak bermatzea. Kontuan izan behar da itzulpenak eguneratuta izateaz gan, ezinbestekoa dala legislazinoaren ganeko bersinoak egokitzea. Esangura horretan, diru-laguntzino publikoen esparruan ez eze, dagoeneko lizentzia horreek erabilten dituen euskal norbanako, enpresa eta erakundeek be erosotasun handiagoz eta, akaso, baita maiztasun handiagoz be erabiliko leukiez', adierazo eben.

Euskerearen Aholku Batzordearen Ingurune Digitalean Euskerea Sustatzeko Batzorde-atalak egindako proposamenari jarraituz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak gehien erabilten diran lizentziak aztertu zituan 2017an. Erabilienak aukeratu eta horreek euskeratzeko prozesua abiatu eban. Horretarako, lizentziak euskeratu, adituakaz konpartidu eta GNU Fundazinoak zein Creative Commons Fundazinoak ezarritako prozedurak, baldintzak eta epeak bete dira, harik eta argitaratzeko eta gizarteratzeko momentua heldu da arte.

Orain, gaurtik aurrera gizarte osoaren eskura izango dira euskeratutako lizentzia horreek biak: Eusko Jaurlaritzako Euskadi.eus webgunean eta aitatutako Creative Commons eta GNU Fundazinoaren webguneetan.

Urrats hau euskereak ingurune digitalean dauen presentziaren adierazle garbia da. Gure hizkuntzak eremu honetan dauen garapena aurreratua da, hiztun kopurua eta estatusa kontuan hartzen baditugu. Eta holan da Interneteko euskerazko komunidade dinamiko eta konprometidu baten lanari esker, eta herri-aginteen konpromisoari eta laguntzinoari esker. Alkarlana da, honetan be, erantzun onaren gakoa, adierazo dau Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu