Atzokoa, gaurkoa eta biharkoa, 41. Zine Bilerearen ikusmiran

Dabi Piedra 2018-10-03 13:38   Zinemea

Urriaren 6an hasiko da Lekeitioko jaialdia, nobedade ugarigaz.

Aitor Gametxo, Aitziber Atorrasagasti, Koldo Goitia (Lekeitioko alkatea) eta Andoni Iturbe | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekeitioko Zine Bilereak, orain arte izan dana ahaztu barik, bide barriak topau nahi ditu. Hortaz, 41. edizino honetan, lehiaketea izango da jaialdiaren ardatz nagusia, baina ez bakarra. Aitor Gametxo koordinatzaile barriaren gidaritzapean, zinemagintzearen ikuspegi zabala emongo daben sailak sortu eta indartu ditue. Lehiaketaz gan, zinemea beste gauza askotarako erabili leiteke, Gametxoren ustez.

Urriaren 6tik 12ra hartuko dau Lekeitiok 41. Zine Bilerea, orain arte baino goizago. Izan be, Donostiako Zinemaldia amaitu barri dala aprobetxau nahi dabe, zinemazaleen olatua hartzeko. Egitarau oparoa hiru atal nagusitan banatu dabe: Branka, orainaldiari begiratzeko; Ganbara, iraganerako; eta Zerumuga, etorkizunari lotuta. Izan be, Gametxok azaldu dau Zine Bilereak atzoko, gaurko eta biharko zinemagintzeari begiratuko deutsala.

Branka atalean, sektoreari adi eta ikasleak be kontuan hartuta jardungo dabela agindu dau Gametxok. Hemen sartzen da Sail Ofizialeko lehiaketea. Aurtengo edizinoan, lau sari emongo ditue, igaz baino bat gehiago, Publikoaren Saria estreinauko dabe eta. Hogei film aukeratu ditue, aurkeztutako 50en artean; betiko legez, danak euskerazkoak.

Irabazleak aukeratuko dituan epaimahaian, euskal zinemagintzan ibilbide luzea egindako lau lagun dagoz: Maider Oleaga, Itziar Ituño, Mikel Zumeta eta Eider Eguren. Urrezko Antzarra eta 1.900 euro emongo deutsiez film onenari; zuzendari eta gidoiaren ataletan, Zidarrezko Antzarra eta irabazle bakotxari 1.600 euro. Azkenik, ikusleek erabagiko dabe Publikoaren Sariko Zidarrezko Antzarra nori emon, eta horko irabazleak 750 euro be eroango ditu.

Horrezaz gan, Branka atalaren barruan Benito Ansola Bekea eta (H)emen Gaude zikloa antolatu ditue. Igaz bekea irabazi eban Atsolorra filma ikusi ahal izango da. (H)emen gaude zikloan, ostera, zinemagintzea eta bardintasuna izango dira ardatzak, Maider Oleaga zinemagilea protagonista dala.

Ganbara atalean iraganera begiratuko dabe, Atzo 8 ekimenaren bidez. Super 8 formatuan Lekeition edo Lekeitiori buruz egindako grabazino zaharrak batzeko lanean dabiz, Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz eta herritarren ekarpenari esker. Memoria eta ondarea da, horri be balioa emon nahi deutsagu, azaldu dau Aitor Gametxok. Atzo 8 epe luzerako proiektua dala dino, pixkanaka doaz antxinako irudiak batzen. Urriaren 12an, orain arte lortutako grabazino batzuen erakusketea eta Super 8 lantegia egingo ditue Lekeition.

Begirada saria, aurten, Kimuak egitasmoari emongo deutsie, hogei urte daroazalako euskal produkzinoak bultzatzen eta nazinoarteko zirkuituetan zabaltzen. Kimuak katalogoaren azken urteotako euskerazko film labur batzuk proiektauko ditue Zine Bileran.

Azken atalak, Zerumugak, etorkizunera begira jarriko dau Zine Bilerea. Sortzaile eta ikusle barriakaz dogun konpromisoa erakutsi nahi dogu, dino Gametxok. Kameratoia lehiaketea eta Zoom proiektu pedagogikoa dira atal horren oinarri nagusi biak.

Kontuak kontu, urriaren 6an ekingo deutsie Zine Bilereari, inaugurazino galan. Ikusgarri aretoan egingo dan ekitaldi horretan, Telmo Esnalen Dantza proiektauko dabe, Zinemaldian aurkeztu barri dan lana.

Aldaketa handiko urtea izango da hau, beraz, Lekeitioko jaialdiarentzat. Egiten dan, egin zan eta egingo danaren erakusleiho izan nahi dogu, azpimarratu dau Gametxok. Aitziber Atorrasagasti Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko zuzendariaren arabera, Zine Bilerea gerora begira jarri da. (H)emen gaude zikloaren bardintasunaren inguruko gogoetea nabarmendu dau, batez be, Atorrasagastik: Genero ikuspegian ahalegina egiten dau Zine Bilereak. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Andoni Iturbek, bestetik, adierazo dau aldaketak onuragarriak dirala eta Lekeitiok kulturearen alde egiten dauen apustua txalotu dau.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu