Kameratoian izena emoteko epea zabalik

Bizkaie! 2018-09-05 08:54   Zinemea

Euskerazko ikus-entzunezkoen rallya urriaren 6an eta 7an egingo dabe, Lekeition.

40+1 Euskal Zine Bilerearen hasikereagaz bat eginaz, urriaren 6an eta 7an egingo dabe aurtengo Kameratoia. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dau, batez be gazteei begira: 24 orduan film labur bana egiteko erronkea egiten deutsie talde parte-hartzaileei, momentuan bertan emondako gaiaren inguruan eta euskeraz.

Urriaren 6ko goizeko 11:30ean emongo deutsiez aurtengo gaia eta arauak, 24 ordu geroago filma amaituta aurkeztu deien. Urriaren 7an, iluntzeko 20:00etan izango da sari-banaketea, Ikusgarri aretoan. Kameratoia Lekeition egiten daben bigarren aldia da hau. Sari potoloak egongo dira, 2.600 euro hiru saritan banatuta.

Antolatzaileek azaldu dabenez, aurten lan egiteko leku berezi bat itxiko deutsie Kameratoian parte hartzen dabizanei eta, nahi izan ezkero, Lekeitioko aterpetxean lo egin ahal izango dabe, 15 euroren truke.

Ikus-entzunezkoen alorra gustuko daben gazteei dei egin deutsie kameratoian parte hartzera. Izena emoteko epea orain zabaldu dabe eta irailaren 24ra arte apuntau ahal izango da, hemen. Izena ahalik eta arinen emoteko aholkua zabaldu dabe antolatzaileek, batez be aterpetxean lo egin nahi dabenek, hor plaza mugatuak dagoz eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu