Literaturea, musikea eta emozinoak ardatz Bilbon Eneritz Furyak-en eskutik
2018-10-03 10:04 KultureaSaio Linbikoak izenburupean, egitasmoak formatu akustikoko emonaldiak dakarz.
Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak, Saio Linbikoak izenburuagaz, musikearen bitartez ikus-entzuleak liburutegietara hurreratu nahi dituan literatureari, musikeari eta emozinoei buruzko beste topaketa bat jasoko dau datorren barikuan, urriaren 5ean. Hitzordu honetan, Eneritz Furyak abeslari, konposatzaile eta artistearen trebeziaz gozauko dogu.
Saioa 19:30ean hasiko da, sartzea libre izango da, aretoko leku guztiak bete arte, eta streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez. Topaketea euskaraz izango da.
Saio linbikoak programako jarduketa guztiak akustikoak dira eta antzeko formatua dabe. Artisteak sei abesti interpretauko ditu, gizakiaren lehen mailako sei emozino gogora ekarteko: poza, tristurea, haserrea, bildurra, ezustea eta nazkea. Horrezaz gan, bere ibilbide personalean edo/eta profesionalean inspirazino iturri izan dituan idazleen, liburuen, diskoen, erreferentziak egingo ditu, musikearen bitartez jentea kulturara eta literaturara hurreratzeko asmoz.
Holan, gonbidatuak berak aukeratutako liburuen eta diskoen erreferentzia egingo dau, denpora guztian ikus-entzuleakaz alkarrekintzan ibiliahal izateko, ekitaldiak irauten dauen bitartean, izan be, Saio linbikoak ekimenak literaturea, emozinoak eta musikea bateratu gura ditu, emonaldia eskainiko daben eta, horrezaz gan, ikus-entzuleakaz euren musikea eta literaturea arloko esperientziari buruz barriketan ibiliko diran artisten bitartez.
Eneritz Furyak Irunen jaio zan orain 25 urte. Konposatzeaz, abesteaz eta marrazteaz gan, gitarrea eta trikitixea joten ditu. Gaztea da, baina musikearen mundua hurretik eta zuzenean, ikuspegi batetik baino gehiagotik, ezagutzeko denporea izan dau. Musikeari buruzko bere jakin-minaren ondorioz, hainbat egitasmo ezagutu ditu, garai batean bera abeslari izan eban Kasernarat taldea, besteak beste. Entzuleek, ahots berezi eta musikea ulertzeko modu desbardina, alternatiboa eta freskagarri legez agertzen zan garaietan ezagutu eban. 2016an, barriz, ibilbidea bakarka jarraitzea erabagi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!