Mikel Aragundek gidatuko dau Bizkaia ESI Bilbao taldearen motorra

Bizkaie! 2018-10-01 12:40   Kulturea

Bilboko Injinerutza Eskoleak orain arte egindako edizino guztietan hartu dau parte.

Bilboko Injinerutza Eskolako 15 ikaslek osotutako taldeak MotoStudent lehiaketearen V. edizinoan hartuko dau parte Aragoiko MotorLand zirkuituan datorren urriaren 3tik 7ra. 2010etik Munduko Motoziklismo Txapelketea hartzen dauen Alcañizeko (Teruel) pistea unibersidadeen nazinoarteko lehiaketearen egoitza bihurtzen da bi urtean behin, ikasleek lehiaketako motorren diseinuan, injinerutzan eta sormenean daben gaitasuna neurtzeko.

Autoen FormulaStudent lehiaketan legez, motoziklismoan goi mailako espezializazinoa daben injinerutzako profesionalen harrobia sortu nahi dau MotoStudent lehiaketeak. Ekimen horrek mundu osoko unibersidadeen arreta ekarri dau eta horren frogea da, hain zuzen, V. edizinoan 70 talde lehiatuko dirala, aurreko edizinoko 52 taldeak errez gaindituta. Duda barik, mueta horretako nazinoarteko injinerutza lehiaketarik handiena da, eta Bilboko Injinerutza Eskoleak orain arte egindako edizino guztietan hartu dau parte, izan be, lehenengo edizinoan (2010ean) lehiatutako 23 taldeetatik Bilbotik 2 abiatu ziran.

Bizkaia ESI Bilbao taldean Injinerutza Mekanikoko eta Industria Injinerutzako Masterretako eta Industria Teknologiako Injinerutza graduko ikasleak batu dira. Gasolinazko motorreko modalidadean lehiatuko dira, lehiaketa ofizialetako Moto3 mailako estandarrak errespetauta. Prototipoaren barrikuntza nagusiei jagokenez, motozikletearen elektrizidadea sortzeaz arduratzen dan alternadorea kudeatzeko sistema propioa azpimarrau daiteke. Era berean, injekzino eta pizte mapa propioa dauka, ikasleek Bilboko Eskolan bertan garatutako saiakuntza bankuan atondutakoa.

MotoStudent lehiaketan taldeak kalifiketako elementurik garrantzitsuena ez da abiadurea baina, halan da be, nabarmentzekoa da Bilboko Eskolako ordezkaritzeak orain arte aurkeztutako prototiporik bizkorrena eroango dauela lehiaketara, 200 kilometro orduko abiadurea hartzeko kapaz da eta. Motorrak 110 kilo eta 30 zaldi potentzia ditu eta Mikel Aragunde izango da gidaria. Aragunde mekanikoa da lanbidez eta iparraldeko lehiaketa probetan ohiko gidaria be bai, aurreko edizinan be berak gidatu ebalako motorra.

Alcañizera abiatu aurreko egunetan, Bizkaia ESI Bilbao taldeak lehiaketako lehen 10 taldeen artean kokatzeko asmoa adierazo dau. Orain arteko edizinoetan, bosgarren postua izan da sailkapenik onena. Injinerutza Eskolako ikasleek 25.500 euroko aurrekontua izan dabe ekimena aurrera eroateko. Babesleen artean honakoak ditugu: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ekintza udal erakundea, EHU, Injinerutza Mekanikoko, Makinetako eta Motor termikoetako, eta Injinerutza Elektronikoko Departamentuak eta Hi-Sport Motos eta Promoto soziedadeak.


MotoStudent

Moto Engineering Foundation-ek bultzatutako MotoStudent lehiaketea mundu osoko hainbat unibersidadetako taldeen arteko erronkea da, lehiatzeko moduko zilindro-bolumen txikiko motorra diseintu eta garatzea helburu dauena. Lehiaketea berez erabateko desafioa da ikasleentzat, bertan frogatu behar dituelako euren sorkuntza eta barritzeko trebetasunak, hiru hilebetez etorkizuneko injineru edo teknikari espezializadu lez izango dituen gaitasunak zuzen-zuzenean aplikau eta mundu osoko taldeei aurre eginez.

Prototipoa erakusteaz gan, talde parte-hartzaile bakotxak gauzatutako diseinua azaldu eta seriean produziduteko industrializazino-proiektua zehaztu behar dabe. Fase honen bidez, prestakuntza-aldian jasotako ezaguerak benetako proiektu batean apliketako aukerea eskaini nahi jake ikasleei, fabrikazino industrialeko prozesu bati eta produktu bat merkaturatzeari jagokozan alderdi eta zailtasunak egiazta deiezan. Fase honen ebaluazinoan, gehienezko kalifikazinoa 500 puntukoa izango da, eta industria-proiekturik onenarentzako saria (6.000 euro) emongo da, baita 3.000 euroko akzesit bana be, diseinurik onenarentzat eta barrikuntza teknologikorik onenarentzat. MS2 fasean, fabrikautako motorraren portaera dinamikoa eta prestazinoak ebaluau eta taldeek mekanika eta antolaketa arloetako trebetasuna egiaztatzeko probak egiten dira, besteak beste, galgatze-probea, gymkhana kronometratua, azelerazino onenari buruzko probea, taldekako mekanika-probea, Speed Trap-eko abiadura handienari buruzko probea, eta Pole position (abiadura-zirkuitua osotzeko denporarik laburrena). Sailkapeneko lehenengo hiru motorrek sariak jasoko ditue, 6.000, 3.000 eta 1.500 eurokoak, hurranez hurran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu