Amaitu da XII. Getxophoto
2018-10-01 10:42 KultureaJump Trump instalazinoak oihartzuna izan dau nazinoartean.
Argazkilaritzea eta artearen jokera barriak gustuko dituenen erreferente izan da Getxo hilabetez, Getxophoto Irudi Jaialdiaren XII. edizinoari esker. Irailaren azken egunera arte, proposamen barritzaile ugari egon dira herritarren eta bisitarien eskura. Aire zabalean egin ditue erakusketa asko, Getxoko eraikin enblematikoetara be jo dabe eta danetariko jarduera osogarriak antolatu ditue.
Jarduera berezienetako bat Jump Trump izeneko instalazinoa izan da. AEBetako presidente Donald Trumpen arpegiaren formadun puzgarri horren ganean salto egin ahal izan dau jenteak. Getxophotoko arduradunen arabera, 667 lagunek egin dabe salto. Hortaz, badirudi herritarrek gogoz hartu dabela proposamena. Ganera, nazinoarteko prentsan be agertu da instalazino berezi hori, esate baterako, The Washington Post egunkari amerikarrak bere asteko argazkien artean aukeratu eban Jump Trump-en ateratako bat.
Aurten, Gatazka-ostea — alkarrizketea berreregi izan da leloa, eta hogei erakusketa antolatu ditue gai horren inguruan. Monica Allende izan da komisarioa, hiru urteko zikloan bigarrena izan dau hau. Aurtengo nobedadea Open Call deialdi edegia izan da, mundu guztiko 280 proposamen jaso ditue, eta Max Pinckers belgikarrak irabazi dauenez, haren obrea ikusgai egon da Getxon.
Jarduera osogarrien artean, arrakasta handiena daukanetako bat Oheak da, beharbada proposamen originala dalako. Ganera, leku historiko baten, Punta Begoñan egiten dabe. Oheak ipinten ditue han, eta bertan sartuta proiekzinoak ikusi leikiez bertaratzen diranek. Gaueko bisitaldiak be aitatzeko modukoak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!