Getxok Punta Begoñagaz dauen konpromisoa sendotu dau hurrengo 50 urteetarako

Bizkaie! 2018-09-28 13:02   Kulturea

Biztanleei edegita egotearen ondorioz, 10.000 persona inguruk bisitau dabe Punta Begoña 2018an.



2018an zehar Punta Begoñako Galerietan 100 jarduera baino gehiago egingo dira, kulturalak, sozialak, prestakuntzakoak edo urikoak. Bagilean antolatu zn mikroantzerkia, iraileko Getxophoto, Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astea zemendian, Ondareari buruzko Jardunaldiak urrian, Unesco-ren Sare topaketak urrian, performance artistikoak urrian eta zemendian etab. Askotariko ekimenak egin dira, eta horreek guztiek erakusten dabe Punta Begoña artearentzako, kulturearentzako, eztabaidarako eta sorkuntzarako espazio ederra dala eta aukera anitzak eskaintzen dituala.

Aurten jarduera barriak egin dira, eta garrantzitsuena dana da kasu askotan proposamenak sortu dituen personek, kolektiboek eta erakundeek holan eskatuta aurkeztu dirala Galerietan, uste dabelako lekurik egokiena dala euren lanak erakusteko.


Kirola, modea, artea...

Punta Begoñan kirolagaz lotutako jarduerak egin ditue, adibidez Espainiako Txirrindularitza Itzulia, eta laster aurkeztuko daben Challenge Surf ekitaldia. Ganera, modeagaz, arteagaz (Okela Bilboko Artisten Alkartearen erakusketea), toponimiagaz, euskereagaz eta historiagaz (Sorginzulo antzerkia), emakumeagaz eta emakumeek kultura espazio honegaz daben lotureagaz, musikeagaz eta bestelakoakaz lotutako beste hainbat ekintza be gauzatu dira.

Prestakuntza jarduerak biderkatu egin dira (ikastetxeak, unibersidadeak, graduko eta graduondoko ikasketak, doktoretza tesiak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, unibersidade praktikak...), proiektuaren jarduketa ardatzetako bat prestakuntza integrala eskaintzea baita Ondare Kulturalaren bitartez.
Nazinoarteko profesional ospetsuek eta erakundeetako ordezkariek bisitau dabe lekua, proiektu barritzaileek erakarrita, eta Guggenheim Museoa be bertan egon da, Juan Ignacio Vidarte bertako zuzendaria bisita horren buru izan zalarik.


Obrearen aurrerakuntzak

Obratan ez da etenik izank 2018an, besteak beste, egongelea iragazgatx egin eben, goiko espazioan begiratokia-talaia eregi eben, hego-mendebaldean bisitau daitekeen galeria habetu eta pasabidea sortu eben, zeramikak eta marmolak garbitu eta egongelako arotzeria lanak hasi zituen. Arotzeria lan horreek eskuz egingo ditue eta bisitetako aukerea egongo da, eta ganera, lorategiko iparraldean indusketa arkeologikoa egingo dabe, izakera interaktibo eta didaktikoagaz.

Horrezaz gan, egongela eta hego-mendebaldeko pabilioia eta bertako fatxadak babesteko eta sendotzeko proiektua diseinau dabe, % 1,5 Kultura Programearen deialdiari egokituta; urteko azken hiruhilekoan ebatziko da eta ondorioz obrak nabarmen aurreratu ahal izango dira, hori guztia ezagutza eta gizarte parte-hartze erispidea kontuan hartuz.

 

Urtean zehar 10.000 bisitari baino gehiago

Biztanleei edegita egotearen ondorioz, 10.000 persona inguruk bisitau dabe Punta Begoña 2018an eta ibilbideetan eta/edo jardueretan parte hartu dabe; jokereak holan segiduten badau eta azken hiruhilekorako programautako jarduerak kontuan hartuz, urte amaieran bisitari kopurua % 10 inguru gehitu dala esan ahal izango da.

Obrak, bisitak, jarduera sozialak eta kulturalak, prestakuntzea, herritarren proposamenak... horreek guztiek osotzen dabe Punta Begoña Galeriak helmugearen eskemea, erabearritzean eta erabarritzearen ondoren herritarrentzako espazioa dana. Bertan, eta udalak % 1,5eko diru-laguntzinoa eskatzean hartutako konpromisoa betez, errespetau egin beharko dira erabilera sozio-kulturalak, turistikoak edo zerbitzu publikokoak gitxienez hurrengo 50 urteetan zehar.

Eraberritze prozesua edegia izatea, berretsitako udal konpromisoa egotea eta biztanleen parte-hartzea gehitzea proiektuaren jarraibideak dira, getxotarren eta bisitarien zerbitzura dagoan kalidadezko espazio bat lortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu