Sekula baino zabalago dator Getxoarte 2018

Bizkaie! 2018-09-28 09:09   Kulturea

Urte osoan egongo dira jarduerak, Getxoko leku ugaritan.

Koldo Iturbe zinegotzia, Getxoarte 2018 aurkezteko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Aldatuta dator Getxoarte 2018, aurreko edizinoakaz konparauta, Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak azaldu dauenez. Aurrerantzean, ez da ekitaldi puntual bat izango, urte guztian antolatuko diran jardueren moltsoa baino. Ganera, udalerriko eremu gehiagotara helduko da. Arte garaikideari modu barritzaileagoan begiratzeko asmoz, anitzagoa izango da Getxoarte, Iturberen arabera.

Urrian bertan hasiko dira Getxoarteko jarduerak. Lehenik eta behin, hilaren 6an eta 7an, El Respiradero egitasmo barria jarriko dabe martxan. Horren bitartez, arte eszeniko garaikideak bultzatuko ditue, esperimentazinorako espazioak sustatu eta publikoei ikuspegi barriak hurreratzeaz batera. Areetako Geltokia plazan arte eszeniko eta performatiboen 20 sortzaile batuko dira eta proiektu honetarako aukeratutako bost bekadunen lana be ikusi ahal izango da.

Programa Kuratoriala dalakoa be urrian hasiko da. Komisarioen lana da ardatz nagusia, egungo artearen arloan ezinbestekoa dalako. Lan horretan sakonduko dabe, ekimen biren bitartez.  Batetik, Galeriak proiektuan aukerea emon deutsie Okela kolektiboari erakusketa berezi baten komisario izateko. Oskola Parau izenburupean, hainbat belaunalditako zazpi artista batu ditue Punta Begoñako galerian. Erakusketa horretan hartu-emonak bultzatuko ditue, eta kontuan izango ditue generoa, euskerearen erabilerea eta bertoko artistak, besteak beste.

Bestetik, Lazada ekimena abian jarriko dabe Programa Kuratorialean. Proiektu barri horretan komisarioen lanaren inguruko espazioa sortuko dabe, Romoko Kultur Etxean, abenduaren 14tik 16ra. Data eta leku berean, aretoak erakusketak be hartuko ditu, igaz arteko Getxoarteren formatua gogoratuta. Hamar sortzailek erakutsiko ditue euren lanak.

Beste nobedadeetako bat Bitartekaritza Programea izango da. Horren helburua da publikoa sorkuntzearen eta artearen mundura hurreratzea, hezkuntzako profesionalen eskutik. Tailerrak, lan egiteko espazio edegiak eta lan-dinamikak sortuko ditue hiru ekimenen bitartez: kolektibo bereziei zuzendutako laborategiak, arte batxilergo ikasleakaz egindako #Extraescolar lan-taldea eta zahartze-aktiboko Jubil*Arte lan-taldea, edadekoentzat.

Egoitza artistikoen programea be barria da aurten. Horren barruan antolatu dabe Proszenia bekea, Andrés Isasi Musika Eskoleagaz alkarlanean. Azkenik, erakusketa-programearen barruan, Torrene aretoa sartuko da Getxoarteren eskaintzan. Oraingoan, Getxoarte Bilduma 2017 saria irabazi eban Paco Chanivet artistearen lana erakutsiko dabe, Postcapitalism Relics izenpean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu