'Haratzago' lemapean, maiatzaren 19an Lekeition izango da Ibilaldia

Bizkaie! 2018-09-28 08:53   Euskerea berbagai

Aurtengo Ibilaldiaren helburuak, gaur egungo eta biharko ikastolei begira jarri ditue.

Umea ardatz izanik Haratzago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua egin dau Lekeitioko Azkue Ikastoleak. Modu horretan, ikastola barri eta aberatsa eskaini nahi deutso ikasleari, osotasunean garatu daiten. 2019ko maiatzaren 19an Lekeition izango dan Ibilaldiak eredu barri honen erakusleihoa izan nahi dau, orain arte ikastolan landutakoa ezagutzera emon eta aurrera begira egin beharrekoak zehazteko. Alabaina, herriko ikastolan egindakoaren barri emoteaz gan, publikotasun eredu propioa eregiteko beharrezko eztabaidea be plazaratu nahi dabe aurten Ibilaldiko antolatzailea izango den Azkue Ikastolako kideek.

Ikastolen Alkarteak zazpi lurraldeentzako egitura bakarra eskaintzen dau. Sarako Olhain ikastolatik hasi, eta Argantzongo ikastolaraino: Gure herria gaurdanik irudikatzeko ezinbesteko tresna gara, baita euskal nortasuna ardatz hartuta abiatzen diran Ikastola guztien bideragarritasunaren eraikuntzan be azaldu dau Ibon Goitia Azkue Ikastolako zuzendariak; hori guztia, Euskal Herri zabalean bermatzen dau Ikastolen Alkarteak auzolanean. Administrazino desberdinek ukatzen daben sostengu ekonomikoa, ikastola guztien artean bermatuz. Euskerearen eta euskal identidadearen eusle ezinbestekoak gara herri honetan! gaineratu dau Goitiak.


Geure hezkuntza eredua

Noraezean dabilen gizartean bizi gara, aldaketea, ziurbakotasuna, eta desbardintasun handiko gizartean. Gizarte honi erantzuteko, oinarri eta ardatz aukeratu dogu konpetentzietan oinarritutako curriculuma, Euskal Curriculuma, bizitzarako garatu behar diran gaitasunak lortzeko: Autonomia dogu gure hezkuntza proiektuak garatzeko, behar beharrezko tresnea, horren aldeko hautua egin dogu betidanik dino zuzendariak. Guzti honek ekarri dituan kostuak gure gain hartu ditugu; baina ez itsu-itsuan, gure hezkuntza eredu propioa sentitu eta sortzeko baino gaineratu dau. Estilo pedagogiko aproposak zehaztuz, eztabaidatuz eta adostuz, ikastetxearen barruko antolaketa eta jangelearen kudeaketa hezitzaile eta ekologikoa bideragarri bihurtu ditue Azkue Ikastolan.


Ikaslearen erritmoa errespetau

Makina bat eztabaida eta ikerketaren ondorio izan da konfiantzan oinarritutako Pedagogia. Ikastolan norbanakoa da protagonista, bere garapenaren erritmoa zehaztuz, modu naturalean eta testuinguru ekologikoan. Helduaren begiradapean, honek, behar dauen hori eskainiko deutso. Ikaslea, gaurdanik da herritar eta bere bizi proiektua gidatu behar dau; gauzak holan dirala, ezinbestekoa da proiektuetan trebatzea, Pedagogia aktiboetan: Umearen nahietatik abiatzen gara motibazinoa eta autonomia bermatzeko. Baina bide horretan ez dago gelditzerik. Etenbako eraldaketan, bizirik dagoan hezkuntzea da gurea; Haratzago, beraz aitatu dau Ainara Ikaran Azkue Ikastolako lehendakariak.

Ebaluazino Hezigarria da horretarako giltza, kalifikazinoetatik Haratzago, umearen garapen ezin bobe baterako informazinoa batzean oinarrituta lan egitea, hain zuzen be. Ikasleak harremetan sartzen diran testuinguruari garrantzia emonez batez be: barruko zein kanpo espazioak, ordutegiak, materialen sorrerea, esperientzia barrien eskaintzea... Bide hori, sormena eta sorkuntzeari garrantzia emonez, egin gura dabe Azkuen, arteak eskainitako hizkuntza desbardinak erabiliz. Honetarako, herriko arte garaikidearen lanketan dabilen Arragua alkarteagaz egindako alkarlana ezinbestekoa eta aitzindaria izan da ikastolea.

Hezkuntza paradigma aldaketa honetan, eskolaz kanpoko jarduerak, aisialdia eta jantokia modu egokian aztertzea ezinbestekoa da. Umeen eta gazteen ongizatean eta garapenean, eskola kirola hezitzailea eta jantoki ekologikoa eredu aldaketek ahalbideratzen dabe Azkue Ikastolearen eredua. Jantoki eredu aldaketeagaz konsumo arduratsua egiten da, baserritarren eta ikastolaren hartu-emonak zuzenak dira, eta bertoko ekonomiari bultzadea be emoten jako. Esangura horretan, Azkue Ikastolaren helburua, herriari urteetan landutako proiektua ezagutarazotea da eta Ibilaldia izango da horretarako tresna.

Kontuak kontu, 2019ko Ibiladia Haratzago eroan nahi dabela dinoe ikastolako ordezkariek. Aurten gizartean eta hezkuntza komunidade barruko eztabaidak eta egiten dagozan proposamenak plazaratu nahi ditue antolatzaileek, espazio barri bat irabazi nahian esan dau Goitiak: Pil pilean dabil gaia, eta hezkuntza arloko hainbat eragilek landutako proposamen oinarri hartuta, eta bakotxaren esperientzietatik abiatuta, errespetuz, konfiantzaz eta heldutasunez Euskal Hezkuntza Publiko bateratzaile (herritarra eta komunidadeari begira dagoana) baterako oinarriak jarri nahi doguz esan dau Goitiak. Danontzat eta danona izango dan Euskal Ikastola/Eskolea, hain zuzen.

Euskal Hezkuntza publiko/herritara/komunitarioa/bateratzailea... zelakoa izan behar dan adosteko eta, ondoren, hezkuntza zabaletik, sare desbardinetatik, herriko ganerako eragileetatik eta udaletik horra heltzeko neurriak proponiduteko plaza nahi dau izan Ibilaldiak. Honetarako, ikasturtean zehar Hezkuntza jardunaldiak gauzatuko dituela aitatu dau lehendakariak. Haratzago nahi dogu joan, bazatoz?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu