'Hizkuntzea kultura jakin baten hari eroailea be bada, bide erakusle'
2018-09-26 13:08 Euskerea berbagaiGure helburuak dira euskerea hauspotu eta euskal kultura moderno eta kalidadezkoaren alde egin euskerearen herrialde osoan.
Euskaltzaindiak bost egitasmo antolatu, sustatu edo babestuko ditu ondorengo hilebeteetan, guztiak euskal kultureagaz lotuak. Hainbat talde edo konpainiagaz alkarlanean egin izan dira proiektuak, mendeurrenak irauten dauen bitartean plazaratuko diranak.
Kontuak kontu, egitasmoak: Ghero antzezlana (Tartean Teatroa); Biz Hitza ikuskizuna (Aukeran); Mende barria kantuz ikuskizuna (Bilboko Koral Alkartea -Euskeria abesbatza-); Astelehen–Martitzen Buruzuriak kontzertu zikloak eta Euskal literatura zaharrari buruzko berbaldia Martuteneko kartzelan ikuskizuna (Bernardo Atxaga – Jose Cruz Gurrutxaga).
Datorren astean abiatuko dira Mendeurreneko ekintza artistiko-kulturalak, Arantzazun. Urriaren 4an, irakurraldi dramatizatua egingo dabe Atxagak eta Gurrutxagak, eta 5ean Mende barria kantuz kontzertua eskainiko dau Euskeria abesbatzak, Donostiako Orfeoi Gazteak eta Lauko Quartet-ek lagunduta.
Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, Hizkuntzak ez dira bakarrik berbak, arauak, gramatikea... Hizkuntzea kultura jakin baten hari eroailea be bada, bide erakusle, eta euskerea askozaz ahulagoa litzateke euskereari bizitza emoten deutsien askotariko kultura-jardueren laguntzarik barik. Guk euskal kultura zabala eta modernoa nahi dogu, eta horren apustua egin dugu mendeurrenean, punta-puntako eragileakaz batu gara horretarako: esan Aukeran, Tartean, Bilboko Korala, Atxaga bera... eta gure musikari fin eta ausartak, euskeraz kantetan tematzen diranak. Horreekaz danakaz bat egiten dogu geure helburu nagusietan: euskerea hauspotzea eta euskal kultura moderno eta kalidadezkoaren alde egitea euskerearen herrialde osoan.
Mendeurreneko egitasmo artistiko kulturalak
Mende Barria Kantuz
Emonaldi berezia da, ibiltaria, euskal abeslari eta taldeen bersino koralak abestuko dira, besteak beste, Gaztelugatxe, Aitormena, Azken dantza, Sarri sarri, Ilargia, Euritan dantzan...
Ganera, Bilboko Koral Alkarteko Euskeria koruak (gazteen korua) eta beste uriburu batzuetako gazte abesbatzek alkarregaz abestuko dabe (esaterako, Donostiako Orfeoi Gazteagaz kantauko dau Euskeriak, edo Gasteizko Nurat Abesbatzak, Iruñeko Paz de Ziganda Ikastolako gurasoen koruagaz, Gernikako Gaudeamus Koralagaz...).
Leku bakotxeko koruez gan, lau musikariz osotutako taldea be izango da oholtza gainean.
Zuzendaria: Urko Sangroniz.
Moldaketak: Enrike Txurruka.
Lehenengo emonaldia: urriaren 5ean, Arantzazun.
Biz Hitza
Ikuskizunak munduko hizkuntza danen historia unibersala dau abiapuntu, baina euskera batuaren istorio partikularra kontau nahi du, jantzearen bidez.
Gidoia: Xabi Paya.
Musika: Aitor Etxebarria
Koreografia: Edu Muruamendiaraz.
Dantzariak: Aukeran DK.
Zuzendari artistikoa: Ainhoa Ayerbe.
Koreografia laguntzailea: Nacho Montero.
Argien diseinua: Carlos Solano.
Jantziak: Oscar Armendariz.
Kartelaren diseinua: Ritxi Ostariz.
Lehenengo emonaldia: 2019ko martiaren 16an, Bilboko Arriaga Antzokian.
Ghero
Ghero antzerki pieza bitxi bat da, eta protagonista nagusia euskerea. Antzezlan honetan hizkuntza txiki honen iraupenaren misterioagazko harridurea eta miresmena erakusten da. Euskereari ez eze, hizkuntza guztiei egin nahi deutse gorazarre antzezlan honek, hizkuntzen aniztasunari, gizateriaren kultur ondareari.
Gidoia: Patxo Telleria.
Dramaturgia eta zuzendaritzea: Jokin Oregi.
Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Mikel Losada eta Ane Pikaza.
Eszenografia: Ana Garay.
Musieka: Iñaki Salvador.
Argi diseinua: David Rodriguez.
Diseinu grafikoa: Paradox.
Argazkiak: Mikel Alonso.
Produkzinoaren arduradunak: Pio Ortiz de Pinedo eta Myriam Gartzia.
Lehenengo emonaldia: zemendiaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian.
Astelehen eta Martitzen Buruzuriak –kontzertu akustikoak-
Bilboko Udalaren eta Donostiako Udalaren laguntzinoagaz, hamar kontzertu akustiko antolatuko ditu Euskaltzaindiak, sei Bilbon –bost Euskaltzaindiaren egoitzan eta bat BIRA espazioan-; beste laurak Donostiako ordezkaritzan (Tolare baserria/ Almortza bidea, 6). Bilboko kontzertuak astelehenetan egingo dira, 19:30ean, eta Donostiakoak martitzenetan, ordu berean.
Bilbon: Amorante (urriak 15); MICE (urriak 22); Petti (urriak 29); Zuriñe eta Fran –Hesian- (azaroak 5); Mikel Urdangarin (azaroak 12); Nizuri Tazuneri (azaroak 19, BIRA espazioan –Ronda, 2-).
Donostian: Amorante (urriak 16); MICE (urriak 23); Pauline eta Juliett (urriak 30); Zuriñe eta Fran –Hesian- (zemendiakk 6).
Bilboko kontzertu guztiak streaming bidez eskainiko dira, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian; Bilbokoez gan, Pauline eta Juliettek Donostian emongo dabena be eskainiko da.
Euskal literatura zaharrari buruzko berbaldia Martuteneko kartzelan, Irakurraldi dramatizatua.
Orain urte batzuk, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak Martuteneko kartzelan euskal literatura zaharrari buruzko berbaldia emon eban. Ekitaldi horren harira idatzi dau testu hau Atxagak, orduan izandako bizipenak kontuan hartuta. Testu barria irakurriko dabe idazleak eta aktoreak, joko eszenikoa erabiliz.
Egilea: Bernardo Atxaga.
Agertokian: Bernardo Atxaga eta Jose Cruz Gurrutxaga.
Iraupena: 70’
Lehenengo emonaldia: urriaren 4an, Arantzazun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!