Banden Lehiaren 10. edizinoa 'berezia' izango da

Dabi Piedra 2018-09-26 13:30   Musikea

Ganera, igazko irabazle Aneguriaren Percebe, dana edo ezebez diskoa aurkeztu dabe.

Iurdana Acasuso eta Aneguria, aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko musika talde ez-profesionalei zuzendutako Banden Lehia sariketeak edizino biribila ospatuko dau aurten, hamargarrena hain zuzen. Hori dala eta, Azkue Fundazinoak aurreratu dau edizino berezia izango dala hau. Sari gehiago egongo dira eta hamar urteotan finalista izan diran guztien ondarea gordeteko proiektua be laster jarriko dabe martxan.

Normalean, sari bakarra emoten dau Banden Lehiak. Azkue Fundazinoko zuzendari Iurdana Acasusok azaldu dauenez, baina, aurten lau parte-hartzaile sarituko ditue. Lehenengo saria orain artekoa izango da: Baga-Biga diskoetxeagaz diskoa baliabide profesionalakaz grabetea, eta BBK Live eta EH Sona jaialdietan joteko aukerea.

Bigarren saria irabazten dauen talde edo bakarlariak bideoklipa grabau ahal izango dau. Hirugarren saridunak Mundaka Festivalen joko dau. Azkenik, laugarren lekuan geratzen diranei 500 euro emongo deutsiez material musikalean gastau deien.

Hortaz, modu ez profesionalean jarduten daben talde edo bakarlariek izena emon leikie dagoeneko 10. Banden Lehian. Internet bidez apuntau behar dira, urriaren 26a baino lehen (oinarriak, hemen). Banden Lehiaren ardatzetako bat teknologia barriak diranez, jenteak twitter sare sozialaren bidez emon ahal izango dau gehien gustau jakon taldearen aldeko botoa. Epaimahai profesionalak be eretxia emongo dau, eta holan aukeratuko ditue lau finalistak.

Epaimahai profesionalean honeek dagoz: Ritxi Aizpuru, Baga-Bigako kidea; Zuriñe Hidalgo musikaria; Zuriñe Maguregi, MU-ko Ikus-entzunezko Komunikazinoko fakultadekoa; Ibane Orozco, Last Tour enpresako ordezkaria; eta Amets Rodriguez, Mundaka Festivaleko zuzendaria.

Finala zemendiaren 17an izango da, Bilborock aretoan, eta publikoak botoa emon ahal izango dau, kasu horretan be sare sozialak erabiliaz. Behin betiko irabazlea aukeratzeko orduan, epaimahai profesionalak be parte hartuko dau.

Euskerazko talde ez-profesionalak bultzatzea eta saritzea da Banden Lehiaren helburua, azaldu dau Iurdana Acasusok. Hamar urteotan egindako lanagaz pozik agertu da Azkue Fundazinoko zuzendaria, orain arteko bederatzi aldietan 364 talde eta bakarlarik parte hartu dabe eta. Harrotasunez esan geinke euskal panoraman gogor dabizan talde batzuk Banden Lehian egon zirala. Zazkel, Eskean Kristo, Enkore eta abar gogoratu ditu Acasusok.

Hamar urteko ibilbidean aldaketak egin behar izan ditue, sasoian sasoikora egokitzeko. Esate baterako, gaur egun Banden Lehiaren webgunea da taldeen plataforma nagusia, eta twitter bidezko botazinoa be sartu dabe. Hamar urteko lanaren ekarpen nagusia euskeraz egiten dan musikea gizarteratzea izan dala ziurtatu dau Acasusok.

Aneguriaren disko barria

2017ko Banden Lehiako irabazlea izan zan ezkero, Aneguriak diskoa argitaratu ahal izan dau Baga-Biga diskoetxearen eskutik. Percebe, dana edo ezebez izeneko lana Banden Lehiaren edizino barriagaz batera aurkeztu dabe. Ane San Miguel Crespo, Aneguria, rap mundutik dator, baina disko honetan bestelako doinuetara jo dau. Pop erako melodiak eta inprobisazinotik urrun dagozan berbak dagoz.

Jantza egiteko musikea da, niri gustetan jatan modukoa, baina badauka mezua, azaldu dau Aneguriak. Disko gordina dala dino, etorritako moduan grabau ditu abestiak, sei hileko epean ez dauelako gehiago lantzeko astirik izan. Rap munduan, kanta bakotxerako oinarriak lortu behar dira eta horrek luzatu egiten dau produkzinoa. Edozelan be, musikari bilbotarra oso pozik dago lan barriagaz.

Gizarteko burrukak, emakumeen kontrako indarkeria, sexua, eguneroko bizimoduaren pasarteak... agiri dira disko barrian. Berbak idazteko orduan ez deutso bere buruari mugarik ipini nahi izan, zentsurarik ez dau nahi. Azalean be igarten da hori: Aneguria agertzen da, erdi biluzik, lanpernaz inguratuta. Behin diskoa kalean, disfrutau egin nahi dau Aneguriak: Beti burrukan nabilela begitantzen jat, orain plazerretik bizi nahi dot.

Banden Lehian euskerazko musikea saritzen bada be, Percebe, dana edo ezebez salbuespena da, disko elebiduna da eta. Kanta batzuk euskeraz dagoz, beste batzuk gaztelaniaz. Aneguriaren arabera, lehiaketearen baldintza zorrotzak gainditu nahi izan ditu, eta pieza bakotxaren instrumentazinoaren arabera erabagi dau hizkuntzea. Halandabe, euskerea bere babes-hizkuntzea dala onartu dau: Urduri nagoanean inprobisazinoak euskeraz urteten deust, ez dakit zergaitik.

Ane San Miguel Crespo eta Aneguria gauza bera dirala esanaz amaitu dau agerraldia. Edonork, edozein momentutan alde artistikoa atera leikela uste dau, hori ei da bere ibilbidean erakutsi nahi izan dauena: Persona arrunta izatea, gauza magikoak egiten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu