Euskerazko iges-gela barria Bilbon

Bizkaie! 2018-09-26 09:15   Euskerea berbagai

Rescue Bizilabe zapatuetan zabaltzen dabe eta familia zein lagun-taldeentzat aproposa da.

Gazteak, Bizilabeko jardueretan parte hartzen (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Elhuyar Fundazinoak eta Bilboko Udalak iges-gela barria edegi dabe Deustuko Bizilabe gunean. Gaur egun zabalkunde handia daben iges-gelen modukoa da honako hau be, baina baditu berezitasun batzuk. Batetik, euskerazko jarduerea da; bestetik, zientzia da jolasaren gai nagusia. Hortaz, 7 urtetik gorako umeentzako aproposa da Rescue Bizilabe, familian zein lagun-artean joan daitezan.

Zapatuetan zabaltzen dabe iges-gela zientifikoa, txanda bitan: 11:00etan eta 12:30ean. Zemendiaren 17ra arte egongo da martxan. Hortaz, aurretik izena emon behar da, 688 829 056 telefono zenbakian. Prezioa 20 eurokoa da, talde bakotxeko.

Parte-hartzaileek, jarraibide, pista eta iradokizunei kasu eginaz, aurkeztutako arazoari urtenbidea topau beharko deutsie, gehienez 50 minutuan. Horretarako, logikea eta talde-lana ezinbestekoak izango dira. Bizilabe guneko tailerren eskaintzea osotu eta aberastuko dau iges-geleak, bultzatzaileen arabera.

Bizilabe-Bilbao, gazteentzako STEAM alorretako ikerketa eta astialdiko zentroa, Deustuko Bidarte eraikinean dago, eta igaz inaugurau eben. Ikasleen artean ikerketea, zientzia eta teknologia sustatzea dau helburu, astialdian oinarrituta. Era berean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako ikerketa-espazio horretan, modu autonomoan ikertu eta praktikau leikiez zientzia, teknologia, injinerutza eta matematikea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu