Josu Barambonesek irabazi dau aurtengo (H)ilbeltza bekea
2018-09-25 11:12 KultureaAurtengo bekea, Patricia Highsmith idazle estadubatuarraren The Blunderer lana itzultzeko izango da.
Baztango udaletxean Euskal Herrian literatura baltza sustatzeko (H)ilbeltza bekearen 2018ko onuradunaren aurkezpena egin dabe; epaimahaikideak Joseba Otondo Bikondoa (Baztango alkatea), Jon Jimenez (Txalapartako argitaratzailea) eta Miel A. Elustondo (igazko irabazlea) izan dira.
Beka honen helburua euskerazko nobela baltza sustatzea da eta horretarako urte birik behin, sortze eta itzultze lanak saritzen dira, aurten itzulpena egiteko bekea egokitu da. Patricia Highsmith idazle estadubatuarraren The Blunderer eleberri baltza itzultzea izango da deialdi honen helburua. Parte-hartzaileek kapitulu baten lagina biadu dabe, eta epaimahaikidearen eretxiz itzulpen egokiena Josu Barambonesena izan da. Beraz, 2018ko (H)ilbeltza bekearen sariduna Josu Barambones da, urtebeteko epea izango dau Patricia Highsmithen The Blunderer lana itzultzeko.
Prentsaurrekoan Otondok gogorarazo dau Baztanek aspalditik euskal nobela baltzagaz dauen loturea, besteak beste, Jose Antoni Loidi eta Mariano Izeta aitatu ditu, horreek izan ziralako lehenengo euskal nobela baltzak.
Kontuak kontu, Baztango Udalak 3.000€ eta Txalapartak 2.000€ jarriz, 5.000€ko bekea sortu da (h)ilbeltzarena Baztango Udala eta Txalapartaren alkarlanaren ondorioz.
Txalapartako editore Jon Jimenezek euskal nobela baltza sasoia dagoala nabarmendu eta, epaimahaiaren izenean, jasotako zortzi laginak zuzenak izan dirala adierazo dau. Baina horreen artean hiruk maila handiagoa ebela eta horreen artean izan zala lehia. Euskerearen zuzentasuna, sinpletasuna eta irakurgarritasuna, alde batetik, eta jatorrizkoari gehien eta ahalik eta ondoen hurreratzea, bestetik, kontutan hartu izan dabela azaldu dau.
Irabazleak, Josu Barambonesek, ekimen honek dauen garrantzia azpimarratu nahi izan dau, euskal literaturan dauen garrantzia, hain zuzen bere. Patricia Highsmith bera eta honek egindako lanen inguruko aitamen batzuk egin ditu, eta jakinarazo dau honezkero itzulpenagaz hasi bada be, urtebeteko lana dauela aurretik.
Amaitzeko, (H)ilbeltzako kidea dan Elurre Iriartek oroigarri bat emon deutso Josu Barambonesi eta 2020. urtean epamahakidea aurtengo irabazlea izango dala aurreratu dau.
Josu Barambones Zubiria
Ingeles Filologiako lizentziaduna da (h)ilbeltza bekearen aurtengo irabazlea eta Itzulpengintza irakasle lanetan dabil egun UPV/EHUn. Klasikoen euskeratze lanetan be badauka eskarmenturik, izan be, Laurence Sterneren Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar ekarri eban euskerara, Literatura Unibersala bildumearen barruan.
Bestalde, ikus-entzunezko itzulpena ikertu dau gehienbat, 2009an aurkeztu eban doktoretza tesia, ETB1eko ume eta gazte programazinoko ikus-entzunezko itzulpengintza azterturik eta Tralima Itzulik literatur eta ikus-entzunezko itzulpenaren ikerketa taldeko kide da. Era berean, EHUren Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoaren zuzendaria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!