Itsuentzako 'karta adimenduna' aurkeztu dau BilbaoDendak-ek
2018-09-25 10:07 Jan edanakDozena bat hizkuntzatan erabili leiteke Chef's Voice izeneko tresnea.
Bilboko merkataritzea sustatzeko BilbaoDendak alkarteak, uriko establezimenduetan irisgarritasuna hobetzeko asmoz, itsuei edo ikusmen urriko personei laguntzeko karta adimendun barria aurkeztu dau. Teknologia barriak lagun, eta Urdulizko Puntodis enpresearen diseinuari esker, Chef's Voice izeneko aplikazinoa eskura izango dabe Bilbora bisitan datozanek edo bilbotarrek eurek.
Izatez, jatetxeetako menuak itsuei irakurteko tresna alkarreragilea da, sinplea eta interaktiboa, baina beste abantaila ugari be baditu. Esate baterako, alergiak eragin leikezan jakien inguruko informazinoa emoten dau.
Jatetxeei, euren menua, prezioak, ardaoen eskaintzea eta abar edozein momentutan gaurkotzeko aukerea emoten deutse aplikazinoak. QR kodeen bidez, ganera, menu irisgarria beste bide batzuetatik zabaldu leikie, berbarako, webgunetik. Itzultzaile automatikoari esker, dozena bat hizkuntzatan erabili leiteke Chef's Voice.
Bilboko Iruña kafetegian aurkeztu dabe aplikazinoa, Juan José Medina bertan dala. Itsua da bera eta Puntodis enpreseagaz alkarlanean dabil Chef's Voice hobetzeko. Bilboko Udaleko Xabier Otxandiano zinegotzia eta Jon Imanol Ibarra aplikazinoaren diseinatzailea be aurkezpenean egon dira.
Egoitzea Urdulizen dauen enpresea da Puntodis, komunikazino irisgarritasunean dabilena. Edozein persona bere ingurunean independentzia eta autonomiaz moldatu ahal izatea da enpresearen produktuen helburua. 1995etik seinaleztapen sektorean jarduten dau eta 2004tik irisgarritasun urtenbidetan espezializauta dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!