Euskaltzaindiak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatu dabe
2018-09-25 08:48 Euskerea berbagaiAholkularitzea emongo dau Akademiak urian, eta kulturea zabaltzeko jarduerak antolatu.
2018. urteari jagokon hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiko eta Iruñeko Udaleko arduradunek. Ekitaldian izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua eta Joseba Asiron alkatea. Akademiaren izenean, Andres Iñigo, Joseba Asiron eta Erramun Osa be Nafarroako uriburuan egon dira.
Erakunde bien arteko alkarlanerako bidea erraztuko dau hitzarmenak, hainbat neurriren bidez. Udalak 12.000 euroko laguntzinoa emongo deutso Euskaltzaindiari eta, horren trukean, honeek konpromisoak hartuko ditu Akademiak:
-Iruñeko Udalari aholkuak emongo deutsaz euskereari jagokozan kontuetan.
-Herritarrei aholkuak, argibideak, txostenak eta egiaztagiriak eskainiko deutsez Nafarroako ordezkaritzan.
-Kulturearen eta hizkuntzearen zabalkunderako jarduerak antolatuko ditu, uriko eragileakaz alkarlanean.
-Euskaltzaindiaren argitalpen barri bakotxeko hamar ale emongo deutsiez Udalari, liburutegi eta artxibo publikoetarako.
Andres Urrutia euskaltzainburua pozik agertu da akordio barria sinatu eta gero: Nafarroa euskerearen herria da, eta euskerea ideologia guztien ganetik egon beharko litzateke, guztion ondarea dalako. Gogoratu behar da Euskaltzaindiaren sorreran be hor egon zirala bertako erakundeak. Beraz, pozik gagoz hitzarmen barri honegaz, gure lana hedatu eta zabaltzeko aukerea emongo deuskulako, eta, era berean, zerbitzua eskainiko deutsagulako bai Udalari bai herritarrei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!