Zortzi erakusketa XII. Bilboargazkin

Bizkaie! 2018-09-25 08:38   Kulturea

Argazkilari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira eta tailerrak eta berbaldiak be antolatu ditue.

José María Melladoren 'El silencio y la luz' erakusketako argazki bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Hainbat estilo eta gai lantzen dituen zortzi argazki erakusketa bisitau ahal izango dira uriko hainbat lekutan urriaren amaierara arte, Bilboargazkiren hamabigarren edizinoan. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak bultzatzen dauen ekimenak Bilboko Udalaren eta BBK-ren laguntzinoa dau. Uria argazkigintza zaleentzat erreferente bihurtzea dau helburu programeak, eta jarduera osogarrien artean egongo dira sei berbaldi eta hiru tailer.

Izan be, aurreko urteetan lagez, programazinoko argazkilarietako asko Bilbora etorriko dira, horreen artean nazinoartean ibilbide oparoa daben profesionalak. Fotografía de alta calidad best seller-aren egile Almeriako José María Mellado da euretako bat; naturako argazkigintzan espezializautako Mario Cea aitatzekoa da; baita Judith Prat be, dokumentalgintzan eta argazki-kazetaritzan ibilia. Bilboargazkin euskal argazkigintzan lekua egiten dabizan gazteen lanak be erakutsiko ditue, esaterako Miren Rico Tolosa gasteiztarrarena.

Zortzi erakusketak uriko leku ezagunetan egongo dira: Abando–Elkanoko eta La Bolsako udaltegietan, EHUren Paraninfoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan eta FNAC aretoan.

Ateak edegiko dituan lehenengo erakusketea aste honetan bertan hasiko da, EHUren Bizkaia Aretoko Axular gelan. José María Melladoren El silencio y la luz izango da. Urriaren 9ra arte bisitau ahal izango da, eta egun horretan jente guztiarentzat zabalik egongo dan bisita gidatua egingo dau egileak, 19:00etan.

Dana dala, erakusketa gehienak datorren astean zabalduko ditue, urriaren 1etik aurrera. Espacio de los Mundosen bisitau ahal izango da Yia Yong artista txinatarraren Memory of South Pekin. Txinako uriburuko kaleetatik ibilbidea egiten dau, hango herritarren ikuspegitik.

Miren Rico Tolosaren Econecesidades erakusketea naturalaren eta gizatiarraren arteko fusinoa da, gizakiaren ekintzek naturan izan daben eragina erakusteko ahalegina. Hilaren amaierara arte egongo da Café Iruñan. Mario Cearen erakusketea urriaren 5ean zabalduko dabe. Judith Pratek Afrikako indarkeriaren inguruko argazkiak eroango ditu Bilbora.

Egitarauan banakako beste erakusketa bi be badagoz: Julián Redondoren Sin ningún destino, FNACeko erakusketa aretoan; eta Jose Beut valentziarrak 2016an Etiopiara egindako bidaiari buruzko zuri-baltzezko bildumea. Horrezaz gan, 2018ko Argizaiola Sariketako argazkirik onenak batzen dituan erakusketa kolektiboa ipiniko dabe Batzar Nagusietan.

Tailer eta berbaldien artean be aukera zabala egongo da. Urriaren 6an eta 7an, Mario Ceak abiadura handiko argazkigintzeari buruzko prestakuntza espezializadua eskainiko dau eta, hil horren 20an, Giacomo Cicciottik argazkiakaz egindako ikus-entzunezkoak landuko ditu.

Beste alde batetik, eta aurreko edizinoetan izandako harrera bikaina ikusita, aurten be 8 eta 13 urte bitarteko umeentzako oinarrizko argazkigintza ikastaroa antolatu dabe. Urriaren 28an, domekan, izango da, goizeko 10:30etan, Azkuna Zentroan, eta argazkiak egiteko inguruetara urteerea be egingo dabe.

Azkenik, barrikuntzea izango da ate edegien saioa Julián Redondoren laborategi analogikoan, urriaren 27an. Talde txikietan eta aurretiazko hitzorduagaz, umeek argazkigintzearen magia ezagutzeko aukerea izango dabe. Laborategian sartu eta zuri-baltzezko argazki bat zelan positibatzen dan ikusi ahal izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu