XII. Jantzan Bilaka Gasteizen

Bizkaie! 2018-09-25 08:27   Kulturea

Sorkuntza koreografikoa izango da nagusi irailaren 28tik 30era.

Jantzan Bilaka urteetan zehar nabarmendu da sorkuntza koreografikoko esperientziak trukatu eta prozesuak konpartidu ahal izateko esparru legez, idea eta lengoaia-aniztasuna sustatuz eta Euskal Herriko koreografia lanari lagunduz.

Egitarau honetan, alkarrizketearen bidez lan egin ahalko da, eta helburua izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Sorkuntza Koreografikoko Laguntzetan aukeratutako sorkuntza koreografikoko prozesuak babestu, lagundu eta ikusgai jarri. 2018ko Jantzan Bilakako programea Dantzan Bilakako batzordekideak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta ADDEko bulegoak sortu dabe, aurten programea babesten dauen espazioagaz, Gasteizeko Artium Museoko lan-taldearen lankidetzeagaz.

Kontuak kontu, 2018ko edizinoa Vitoria-Gasteizeko Artium Museoan izango da. Igaz hasi zan programearen formatu barria: Alde batetik, urtetik urtera EAEko 3 uriburuetan txandakatzen da eta bestetik, Jantzan Bilakako aurkezpenak beste ekintza batzuekaz buztartzen dira; honek guztiak jantza alorreko profesionalak eta ikusle orokorrak praktika nahiz hausnarketetan hartu-emonak ahalbideratuko dituan testuinguru bat sortzea bilatzen dau.

Aurtengo edizinoa Vitoria-Gasteizko Artium Museoan egingo da, eta aurkezpenez gan, hainbat lantegi eta topaketa egingo dira. Zazpi proposamen koreografiko aurkeztuko dira, hainbat formatutan eta espaziotan, giro dinamikoan, hurrekoan, eta publikoaren konplizidadeagaz.

Alkargunerako esparru horretan, parte-hartzea, praktikea eta hausnarketea erabiliko dira sorkuntza koreografikoa hurretik biziteko.

Era berean, Fonografias. Escribir, traducir, inscribir, decir izeneko idazketa laborategiak esperientzia bat konpartiduteko aukerea emon deusku azkeneko hilebete honeetan, IxiarRozas idazleagaz batera. Laborategiaren helburua testuak sortzea izan zan, parte-hartzaile bakotxaren sormen-proiektuak eta interesak kontuan izanik. Joan dan bagilean egin zan Artium Museoan bertan.

Hamabigarren edizino honetan, Zuriñe Benavente, Laura Cobo, Askoa Etxebarrieta, Gorka Gurrutxaga eta Nerea Gurrutxaga, Ibon Salvador, Denis Santacana eta Mikel de Valle egileek urte honetan landutako proiektuak erakutsiko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu