Junes Casenave ohorezko euskaltzaina hil da
2018-09-24 13:03 KultureaZuberoako idazle eta abadea 94 urtegaz hil da, obra oparoa idatzita, batez be pastoralgintzan.
Urdatxen (Zuberoa) jaio zan Casenave-Harigile, 1924ko apirilaren 4an. Santa Grazin ohikoa zan legez lau hizkuntzaren hiztuna zan: euskerea, Bearnoko okzitanierea, frantsesa eta espainierea.
Abadegai, Bètharramen (Bearno) ikasi eban, 21 urtegaz, barriz, Palestinara joan zan. Betleemen hartu zituan eskolak eta 1948ko gerrea bertatik bizi izan eban; hantxe egin zan apaiz betharramdarra, 24 urtegaz. Bètharramen (4 urtez), Limòtgesen (Lemosin, Okzitania; 12 urtez) eta Donapaleun (Etxekopar ikastetxeko zuzendari; 1964-1981) irakasle eta pedagogo ibili zan. Latin, frantses eta greziera erakutsi ditu. Oro har, 33 urtez ibili izan zan irakaskuntzan.
1981ean, Zuberoara itzuli zen abade lanak egitera, lehen Larrainera bi urtez; geroago Altzaira. Azken urteotan Donapaleuko beterramiten egoitzan egon da erretirauta.
Euskaltzain urgazle izentau eben 1979ko abenduaren 20an, eta ohorezko 2000ko urriaren 27an. Euskaltzaindian, Hiztegigintza Batzordean (1987-1989) ibili zan, batez be.
Pastoralgintzan jardun eban, batez be; hamabi pastoral ditu emonak, danak euskeraz bat kenduta: Juan Martin Pueyrredon (1997an frantsesez emona, kantuak bearneraz). Beste bederatzi ditu idatziak, oraindino emon barik. Taularatuak izan dira, besteak beste, Santa Grazi (1976, EFAk argitaratua; izen bereko herriak emona); Ibañeta (1978, EFAk argitaratua, zubererazko testuagaz batera, euskera batuaz, gaztelaniaz eta frantsesez. Garindainen eta Auritzen emona); Zumalakarregi (1989, Zumalakarregi alkartea; Altzai-Lakarrik emona); Santa Kruz (1992, Santa Grazik); Agota (1999, Euskaltzaindia-BBK, Altzai-Lakarrik; Toribio Altzaga saria), edo Eñaut Elizagarai (2007, Gamere-Zihigan antzeztua).
Kontuak kontu, Casenaveren beste zenbait idazlan: Hiztegia (1989-1993); Batarzün berria [zubereraz] [itzul.] (2002); Xiberoko Antzertia edo Pastorala (2011).
Junes Casenaveren lanak Literaturearen Zubitegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!