Fortunato Vencedor izan da 2018ko Ibiltarien Saria irabazi dauena
2018-09-24 09:54 Kulturea89 urteko korrikalari bilbotarrak ez daukotso bildurrik ez euriari, ez txingorrari, ezta hotzari edo haizeari be.
Aurreko edizinoetan legez, ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko sensibilizazino-ekimenetan laguntzen daben komunikabideetan egindako botazinoen bidez eta Bilbo nire Kotxe barik! web orrian irailaren 20ra arte jasotako botoen bidez hautatu dabe herritarrek irabazlea. Irabazleak omenaldia jaso dau Erripa kaian eta Alfonso Gil, alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak oroitzapenezko plakea emon deutso ukaezinezko merituak autortzeko.
Fortunato Vencedor, 89 urtekoa, korrikalari ezaguna da, bildurrik ez daukotsona ez euriari, ez txingorrari, ezta hotzari edo haizeari be. 30 kilometro egiten ditu, astean egun bitan banatuta. Edota hiru egunetan, astean lasterketarik badago. Pagasarrira igoten hasi zan Fortunato eta maratoietan parte hartzen amaitu. Bilboko Herri Krosean egin eban debuta 65 urte zituala, erretiroa hartu ondoren. Belaunak handitzen jakozanez, medikuek paseatzeko gomendioa egin eutsien; baina, horri nahiko eretxi ez-eta pausuak edota oinkadak emoten hasi zan, familiak lagunduta. Hurrengo urteetan lasterketetan parte hartzeari eta erronka barriak gainditzeari ekin eutson Fortunatok: Artxandako Igoerea, Santurtzi-Bilbo edo Behobia-Donostia, eta 79 urte zituala bere lehenengo maratoia amaitzea lortu eban. Berak marketan dau bere erritmoa, irabazteaz edota erabilitako denporaz arduratu barik. Helmugara aheltzea da helburua.
Gizon xumearen garaipena da, bidean osasuna eta ongizatea eta danen errespetua irabazi dituanarena, baita berak ordezkatutako ahaleginaren eta bizimodu aktiboarena be.
Bilbo nire kotxe barik!
Fortunato Vencedor jaunari Erripa kaian egin jako autortzea, Mobikortasunaren Europako Astearen barruan antolatutako ekitaldien barruan.
Bilbok herritarren parte hartze handiagaz eta agiria irakurrita amaitu dau urtero irailaren 22an Europako uri askotan egiten dan Bilbo nire kotxe barik! eguna. Hemeretzigarren edizinoa izan da aurtengoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!