Igor Anton: 'Jenteak beti gehiago eskatzen dau, baina ni egindakoagaz gustura nago'

Dabi Piedra 2018-09-24 08:02   Barriketan

Txirrindularia.

Igor Anton galdakaoztarra 2004tik da txirrindulari profesionala, baina egunotan iragarri dau erretiroa hartuko dauela. Espainiako Vueltea izan da bere azken lasterketea, lehiaketa berezia dalako berarentzat: Lau etapa garaipen ditu Vueltan, tartean 2011n Bilbon amaitu zana. Euskaltel-Euskadiren urrezko aroa eta gainbeherea ezagutu ditu Antonek eta, behin talde laranjea desagertuta, Movistar eta Dimension Data taldeen maillota jantzita ikusi dogu errepidean.

 

1.- Zure ibilbide profesionala amaitzea erabagi dozu, zerk bultzatu zaitu?

Ez dago arrazoi bakar bat. 14 urte egin dodaz profesionaletan eta 35 daukadaz, baina batez be nik uste dot jakin behar dala honetarako momentua aukeratzen. Momentu onean joan nahi dot, sensazino onakaz, neure buruagaz gustura nagoan momentu baten. Hau kirol gogorra da, beti % 100 emon behar dozu eta sakrifizio handia egin. Ganera, familiagaz egon nahi dot. Nik uste datorren urterako kirol taldea topetako gauza izango nintzala, baina begiratu be ez dot egin, pentsau dot honaino heldu dala nire bidea eta oso pozik.


2.- Ibilbide luzea izan da zurea, 14 denporaldi egin dozuz. Zer nabarmenduko zeunke?

Nire amesa egia bihurtu izana aitatuko neuke lehenengo. Profesionaletara pasau nintzanean momentu polita izan zan eta lehenengo garaipenak be ondo gogoan daukadaz: 2006an Espainiako Vueltako etapa gogor bat irabazi neban. Atzerriko talde baten be egon naz, hori ez da jente askok bizi leiken gauza bat. Bizitako momentu askogaz geratzen naz, ezagututako leku eta personakaz.


3.- Euskaltel-Euskadi taldean urte asko egin zenduzan, talde berezia zan, ezta?

Hasieran pentsetan nebana zan nire idoloakaz nengoala. Esate baterako, Laisekaren taldekide izatea, gogoan daukat Tourrean etapa bat irabazi ebala eta gero talde berean egotea amesa zan niretzat. Gero goruntz egin neban eta taldeko liderretako bat be izan nintzan eta taldea horren berezia izanda, bizipen ona izan zan. Zorionez, Euskaltel-Euskadiren urte onenetan egon nintzan.


4.- Euskaltel-Euskadi desagertuta, Murias taldea eta Euskadi Fundazinoa dabiz pausuak egin guran. Euskal txirrindularitzeak behar dau Euskaltelen moduko talde bat gaur egun?

Bai, zalantza barik. Agirikoa da hemen zelako zaleak dagozan, futbolaz aparte Euskal Herriko kirol nagusia txirrindularitzea dala uste dot. Murias egiten dabilen ahalegina ikaragarria da. Euskadi Fundazinoak be urte askotako lana egin dau. Orain da momentua bien artean zeozer egiteko, talde arrakastatsu bat ateratzeko. Niri gustauko litzakit erreferente bat eukitea, Euskal Herriko txirrindularitzea munduan zabaltzeko.


5.- Movistar eta Dimension Data taldeetan be ibili zara azkenaldion. Talde bakotxa desbardina da?

Desbardinak dira, baina nik talde bakotxean izandako zereginak be desbardinak izan diralako. Adibidez, Movistarren egon nintzanean goi mailako taldea zan, orain dan legez. Munduko onenen artean ibilten ginan. Nairo Quintana, Valverde eta halako txirrindulari handien alboan egotea pribilegioa da. Quintanak irabazitako Giro baten egon nintzan, Valverdek Donostiako Klasikoa irabazi ebanean hari laguntzen ibili nintzan... Oso urte intensoak izan ziran, nire rola aldatu neban.


6.- Horrek presinoa be eragiten dau...

Bai, gu presinopean bizi gara, lasterketetan ez eze, entrenamenduetan be ahalegin handia egin behar dogu. 24 orduz zara txirrindulari, rolaren arabera aldatzen da erantzunkizuna baina beti intensidade handiz biziten dozu.


7.- Zu mendian ibili zara ondoen, aldatzean gora. Hori nondik jatortzu?

Txikitatik izan naz urduria, beti mobiduten. Gogoan daukat Errioxan daukagun etxe batera joaten ginala eta beti ibilten nintzan mountain-bikean edo korrika menditik. Gaur egun be holakoa naz pixka bat. Azken baten, bizikletea izan zan nire igesbidea, indar guztia horretan jarri eta zorionez aukeratu neban niretzat kirol perfektua. Ganera, askatasuna emoten deust bizikleteak.


8.- Zure ibilbideko momentu onak gogoratzen hasita, aitatzekoa da 2011ko Vueltan Bilbon etapea irabazi zenduanekoa. Zelakoa izan zan egun ha?

Momentu asko etorten jataz burura. Igesaldian sartzea itzela izan zan eta, ondoren, Muñecas mendatetik Euskal Herrian sartzen lehenengoa izatea. Galdakaotik be pasau nintzan, nire herritik, jaiak ziran egun haretan. Vivero mendatean gora, lagunek malda guztia nire izenagaz marraztu eben. Irabazten baneban indaba-jana egingo genduala esaten eusten eta, irabazi nebanez, holan egin genduan. Barregarria izan zan hori. Beste momentu polit bat Bilboko Kale Nagusian izan zan, momentu hunkigarria, eta ganera Euskaltelen maillotagaz. Nire kirol ibilbidean hori izan zan momenturik politena.


9.- Momentu txarrak be izan dozuz. 2010ean, Vuelta irabaztear zengozala, jausi eta etxerako bidea hartu behar izan zenduan. Kolperik gogorrena hori izan zan?

Momentu txarra bai, baina ez zan izan gogorrena. Garaipena baino ez neban galdu, baina ez sasoia edo pedal-kolpea. Etapa bi irabazi eta hainbat egunez lider izan nintzan, hori ez neban galdu. Momentu txarrenak gaixotasunak eta halakoak izaten dira. Gorputzaldi txarrean egon eta lasterketetara joan behar dozunean.


10.- Itzuli handi askotan aurre-aurrean ibili zara. Geratu jatzu Vuelta, Giro edo Tourren bat irabazi ez izanaren damurik?

Egia esan, ez. Txirrindularitzan egin dodanaren balantzea eskatzen badeustazu, ni oso konforme nago. Helburuen aldetik aseta noa. Pentsetan nebana baino gehiago egin dot, jenteak beti gehiago eskatzen deutsu baina ni egindakoagaz gustura nago, egin dodanagaz sobran.


11.- Behin kirol profesionala itxita, bizikletearen munduagaz lotuta segiduko dozu?

Ez dot fokua txirrindularitzearen barru-barruan ipini nahi, beharbada gehiegi izango litzateke hori: Barriro egun asko etxetik kanpo, presinoa... nik alkarrizketak eta kazetaritzea gustuko dodaz, ikusiko dot hor ze aukera dagozan. Baina lehenengo deskantsau egingo dot, buruak behar dau, eta ondoren pentsauko dot zer egin.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu