Bittor Kapanagaren lana ezagutzeko bigarren bisitea irailaren 23an

Bizkaie! 2018-09-21 08:25   Kulturea

Bisitea dobakoa da eta 11:00etan hasiko da Otxandioko udaletxearen aurrean.

Irailaren 23an, domekan, Kapanagazaleen taldeak eta Otxandioko Udalak 2. bisita gidatua antolatu dabe, Bittor Kapanaga zanaren ekarpena ezagutzeko, euskereari, euskal kultureari eta mundu ikuskereari jagokonez.

Bisitan, besteak beste, euskal erro nagusiak (iz, ur, ar, in, aba...), euskal zuhaitz magikoak, berak idatzitako euskal kantu ezagunak, Otxandio bultzatzeko egindako ekintzak, bere parte-hartzea euskal kulturan eta bestelakoak nabarmenduko ditue.

Bisitak dobakoak dira eta izena emoteko bialdu mezua honetara: mikoletaelkartea@gmail.com edo deitu 663 901 248ra.


Bittor Kapanaga Elortza

1925ean jaio eta 2011n hil zan otxandiarra. Bittorrek ekarpen nabarmena egin eutson euskereari eta euskal kultureari, baita bere jaioterriari be, bertan etxebizitza eta fundizino kooperatiba bana eta zinemea sortzen lagundu ebalako.

Euskerari jagokonez batua bultzatu eban baina mendebaldeko euskera gehiago kontuan hartu behar zala nabarmenduz, bizkaiereak geure hizkuntzearen jatorrian aparteko garrantzia izan dauela uste ebalakoo. Euskal kultur ekimen mueta guztietan parte hartzen eban eta, ezagutu ebenek esaten dabenagaitik, euskal kulturan arrasto interesgarria itxi eban.

Euskal kantagintzan be aletxua jarri eban eta euskera batuagaz identifiketan dogun Araban bagare kantuaren berbak Kapanagak idatzi zituan, Gontzal Mendibilek musikea jarri eutson bitartean. Horrezaz gan beste zenbait kantu be idatzi eban ondoko abeslariek kantau dituenak: Gontzal Mendibilek, Niko Etxartek, Josu Zabalak, Patxi Villamorrek, Txomin Bengoak.

Lan nagusi bi itxi euskuzan: Bata Erro eta gara euskerearen jatorriari buruz bere bizitza osoko azterketen emoitzea; hor azpimarratu eban gure hizkuntzeak hiru substratu gorde dituala, akaso, iturri mediterraniarra, europarra eta iberiarra. Beste liburua Euskaldunon ikuskera da eta bertan mundua ikusteko hemengo ikuspegi propioa osotzen daben gai batzuk landu zituan, besteak beste, euskal zuhaitz magikoak, zenbakien unibersoa, koloreen esanahia, hilebete eta asteko egunen atzean zer dogun, etab.


Bisita gidatua

Bittorrek euskal kultureari eta euskereari egindako ekarpena ezagutzeko Kapanagazaleen Taldea eta Otxandioko Udalak aurten bisita gidatuak antolatu ditue. Lehenengoa garagarrilean egin zan eta datorren irailaren 23an, domekan, bigarrena egingo da. Bisitea dobakoa da eta 11:00etan hasiko da Otxandioko udaletxearen aurrean. Bisitea herritik gabilzan bitartean egingo da, Bittorren bizitza eta lana ezagutzen joango garen bitartean:

Bizitea: umezaroa, gerra zibila, Eibarreko garaia, herrirako itzulerea, harremanak, zahartzaroa...
Euskal mundu ikuskerea: asteko egunak, koloreak, zenbakiak, zuhaitz magikoak, akelarrea...
Euskerearen jatorria: aba erroa neba-arreba-alaba-izeba...; iz erroa goiz-izetu-izarra...,

Bisitea doakoa da eta eguerdiko 11:15ean amaituko da, ondoren, nahi izan ezkero, bazkaltzeko aukerea egongo da (norberak ordainduta), Bitorren ekarpenari buruz berba egiten jarraitzeko.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu