Emakumeen lana argitara, Europako Ondarearen Jardunaldietan

Bizkaie! 2018-09-21 08:51   Kulturea

Urrian 300 jarduera baino gehiago egingo ditue Bizkaian.

Europako Ondarearen Jardunaldietan parte hartuko daben eragileetako ordezkariak Arkeologi Museoan batu dira (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko Foru Aldundiak eta herrialdeko 65 udalek eta eragile ugarik bat egin dabe Europako Ondarearen Jardunaldien 18. edizinoagaz, Bizkaiko ondare kulturala beste ikuspegi batetik aztertu eta herritarrei hurreratzeko asmoz. Aurtengoan, emakumeek kultureari egindako ekarpenean jarriko dabe arretea, Ondarea, emakumeen emaria lemapean. Kontakizun historikoaren irakurketa inklusibo eta aberasgarria egin nahi dabe.

Egitarauko jarduera guztiak, 330 baino gehiago 70 udalerritan, dobakoak izango dira. Ehun bat bisita gidatu, 70 berbaldi eta barriketaldi, 21 erakusketa, hiru antzezpen eta antzerki-lan bat, hiru kontzertu, dastaketak eta abar aurreikusi ditue. Egitaraua, hemen.

Jardueretako asko urteetan egin izan diran ikerketa-beken eta ikerketa-lanen emoitzea dira, jardunaldion aukeraz baliatuta argitara azaltzen diranak. Bestetik, ezarritako estandarrak eztabaidan jarri nahi dituen gogoeta-prozesu batzuen ondorioa be badira jardunaldiok: emakumeen papela hainbat garaitan, emakumeen garrantzia, ezarri jakezan rol sozialak, euskal matriarkadua... Eta horrek guztiorrek hainbat emakumeren izen-abizenak argitara ekarteko aukerea emongo dau, berbaldi, barriketaldi, kafe-solas, ibilbide eta bisita gidatuen bidez.

Aurten, hur-hurrekoak zama handia dau, gertuko ondareak, etxe barruko guneak, egunerokotasunagaz zerikusia dauen jakituriaren sorkuntzea eta transmisinoa: etxeko erremedio edo sendabideak, sukaldaritzako errezetak, erropak, etxerako edo elizarako hornidurak... Baina, horregaz batera, emakumeek urien sorkuntzan eta diseinuan, arkitekturan, izan daben ekarpena, alor horreetan beti egon izan diralako emakumeak, baina ez dogu jakin izan hareek ikusten.

Proposamenek hainbat ikuspegitatik helduko deutsie emakumeek historian jokatu izan daben papelari: pinturea, muralak, eguneroko objektuak, kontakizunak, mitoak, legendak... Gernikako Batzar Etxeko emakumeen irudiak, Bilboko eraikinetako fatxadetako emakumeen ikonografiak, Balmasedako Pasino Biziaren pertsonaiak, Antzinatasunetik jasotako edertasunaren kanonak, Bilboko Artelan Berreginen Museoan gordeta dagozanak... dira jardunaldiotan erakutsiko diran adibideetako batzuk. Bestetik, emakumeen presentzia oso nabarmena da euskal mitologian: Mari, Anbotoko dama edo Zeanuriko Lamiñategiko lamiak, besteak beste. Sorginak eta heretikoak ahaztu barik, horreek Durangoko berbaldian aitatuko ditue.

Ganera, Bizkaiko historian eragile izan diran emakume garrantzitsuen barri emongo dabe. Besteak beste, Maria Diaz de Haro, Juana de Butron Mujika, Bizenta Mogel, Dolores Ibarruri, Eulalia Abaitua eta Casilda Iturriza.

Hortaz, urrian herritarrek aukera ugari izango ditue historia lokalari eta ondareari beste ikuspegi batetik begiratzeko, generoa kontuan hartuta. Urte luzez isilduarazotako emakumeak berreskuratzeko konbitea egin dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu