Gaur zabalduko da Iruñean Euskaraldian izena emoteko epea
2018-09-20 10:35 Euskerea berbagaiMaiatzean egindako Getxo 24 ordu euskeraz, Euskaraldiaren proba pilotuan, 1.204 getxotarrek hartu eben parte.
Gaur, eguena, irailak 20, zabalduko da Euskaraldian parte hartzeko izena emoteko epea. Izena emotearen edegiera-ekitaldia Iruñean egingo da gaur arratsaldean eta bertan Koldo Iturbe Euskera zinegotzia Getxoko Udalaren eta EUDEL, euskal udalerrien alkartearen izenean izango da. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran be bertan izango da eta Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko eta Erakundeakazko Harremanetako kontseilaria eta Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko presidente eta Euskal Alkargoko Hizkuntza Politikarako presidenteordea.
Euskaraldiko kantua
Aurrerantzean Euskaraldiak doinu propioa izango dau. Euskaraldiko kantua aurkeztu eta entzun da lehen aldiz ekitaldian. Las Tea Party, La Basuk eta Ines Osinagak ondutako kantuak Maddalen Arzallus bertsolariaren kolaborazinoa izan dau.
Musikearen lau ardatz desbardinetan hazi diran ibilbide luzeko lau sortzaileek egindako lanaren emoitzea da abestia. Lau ardatz ditu abestiak: bertsotik, soinu tradizionaletik, Rap-etik eta elektronikearen baliabide digitaletatik edaten dau. Anitza hasiera-hasieratik: lau sortzalileak eremu sozilinguistiko desbardinetatik sortutakoak dira eta lotura desbardina izan dabe euskereagaz be.
o Doinua: Ines Osinaga eta Las Tea Party.
o Berbak: La Basu eta Maialen Arzallus.
Hemendik aurrera
Gaurtik aurrera, Euskal Herri osoko belarriprest eta ahobiziek izena emon deien, milaka postu eta informazino gune jarriko ditue Euskal Herriko ehunka herrietan. Izena emotearen inguruan informazinoa emoteaz gan, prestakuntza saioak be eskainiko ditue 11 egun horreetan zelan jokatu jakiteko.
Herrietako ekimenez gan, Euskal Herri osoko batzordekideei zuzendutako prestakuntza saioak eskainiko ditu Euskaraldiak. Urriaren 3an Bilbon batuko dira prestatzaile izango diranek formazinoa jasoteko; eta urriaren 6an Burlatan izango da hitzordua bertsoa egiteko.
Ikerketea
Euskaraldigaz batera, ariketearen inguruko ikerketea egingo da. Bertan, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak aztertuko dira, batetik; eta ekimenaren eragina zelakoa eta zenbatekoa dan ezagutu nahi da, bestetik.
Ikerketea ahalik eta zabalena izateko, Euskaraldian izena emongo daben guztiek galdeketa bat jasoko dabe e-postaz ekimena hasi baino hilebete lehenago. Garrantzi handikoa da ahalik eta herritar gehienek galdeketa horri erantzutea, horrek ahalbideratuko dauelako, behin ekimena amaituta, ondorio kualitatiboak eta kuantitatiboak eskuratu ahal izatea: ekimenak izan dauen erantzuna eta eragina neurtzea eta sortutako bizipenak batzea.
Getxo
Getxon, barriz, ekimenaren sustatzaileak diran Getxoko Udalak eta Bizarra Lepoan eta Egizu alkarteen eskutik. Gogoratu, hori zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, ingurune naturalean euskerea be erabilteko ohitura sorrarazoteko. Helburuak dira harremanetan hizkuntzeagazko inertziak astintzea, uste baino gehiagotan euskerazko komunikazinoa posible dala frogatzea, euskerea gehiagotan erabili geinkela ikusarazo eta euskerea erabilteko egoera barriak eta babestuagoak sortzea, besteak beste.
Ekimeneko partaideek euskeraz ahal eta nahi dauen neurrian erabilteko konpromisoa hartuko dabe. Getxon hurrengo figurearen artean aukeratu beharko dabe interesdunek: Ahobizi, lehenengo berbea euskeraz egingo dauena eta ulertzen dabenakaz euskeraz egingo dauena; Belarriprest, berari euskeraz berba egitea eskatzen eta jakite mailearen arabera, euskeraz edo erdaraz erantzungo dauena, eta Irribizi, euskerarik ulertu ez arren, euskerea entzuten dauen bakotxean poztu eta aldeko ekimenakaz bat egiten duena.
Euskaraldian parte hartu nahi dabenek hurrengo bideak erabili leikiez: www.getxoztarrak.eus, www.euskaraldia.eus, Bizarra Lepoan egoitzan (Algortako Martikoena 16), eta euskaraldiagetxon@gmail.com posta helbidean. Aurrerantzean izena emotea sustatzeko ekimenak eta toki gehiago ahalbideratuko dira.
Getxo 24 ordu euskeraz
Pasa dan maiatzean udalerrian egindako Getxo 24 ordu euskeraz, Euskaraldiaren proba pilotuan 1.204 getxotarrek hartu eben parte, berton euskeraz antolatzen diran ekimenen parte hartze kopuruakaz alderatuta batez bestekotik gora. Horreetatik, 877k Ahobizi izatea aukeratu eben, 224k Belarriprest eta 103k Irribizi. Hizkuntza ohiturak aldatzeko egindako ariketa horretan egiaztatu zan lehen berbea euskeraz egitearen garrantzia, hori egin ebenek harrera ona topau ebelako eta hainbat egoeratan euskerazko harremanetan areagotzea ahalbideratu ebalako, esate baterako komertzioetan. Ostera, hurreko sareetan hizkuntz ohiturak aldatzea gatxagoa dala egiaztatu zan, eta horixe da hain zuzen be, Euskaraldiaren helburu nagusietako bat.
Bilbo
Gaur arratsaldeko 19:30ean da Bilboko Euskaraldiaren lokalaren inaugurazinoa (Unamuno Plazea, 3) eta izena emoteko kanpainearen hasierea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!