Thannhauser bildumearen harribitxiak Bilbon

Dabi Piedra 2018-09-20 13:17   Kulturea

Van Gogh, Cézanne, Manet, Picasso eta abarren obrak batu ditu Bilboko Guggenheim Museoak.

Richard Armstrong, Megan Fontanella, Juan Ignacio Vidarte eta BBVAko Rafael Pardo, erakusketako aretoetako baten | Ikusi handiago | Argazki originala

New Yorkeko Guggenheim Museotik luzaroan urten barik egon eta gero, Thannhauser sendiak XX. mendearen hasieran batutako bilduma baliotsuaren zati bat Bilbora ekarri dabe. Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua erakusketea, abangoardien urrezko aroaren errepasoa, 2019ko martiaren 24ra arte egongo da Bilboko Guggenheimen.

Justin K. Thannhauser bildumagile alemaniarrak 1909an zabaldu eban lehenengo galeria, Munichen. Sasoi haretan pil-pilean egozan abangoardien babesle izan zan eta bere garaiko artisten lana Alemanian zabaldu eban lehenengoetarikoa. Thannhauser andra-gizonek bilduma potoloa egin eben eta 1960ko hamarkadan New Yorkeko Guggenheim Museoak eskuratu eban. Guggenheim Museoaren bildumearen oinarri inportanteenetako bat da moltso hau, azaldu dau Juan Ignacio Vidarte Bilboko museoko zuzendariak.

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Europan loratu ziran abangoardien ibilbidea erakusten dau Bilbora ekarritako artelanen moltsoak, orduko artistarik ospetsuenen bidez: Van Gogh, Cézanne, Manet, Picasso, Degas, Renoir eta abar, danetara 13 artista. Euren sasoiko arte barrian fedea euken Thannhauser andra-gizonek, bildumeak agiri-agirian ixten dauenez, dino Vidartek. Inpresionismo eta post-inpresionismo frantsesa ziran Thannhausertarren interesgune nagusia, baita Alemaniako abangoardia barri batzuk be.

Ganera, hurrengo hamarkadetako artea ulertzeko giltzarriak emoten ditue abangoardien mobimenduko artistek. Esate baterako, abstrakzinorako pausua egiteko, ezinbestekoa izan zan XIX. mendearen amaieran inpresionistek egindako lanketea, errealidadea beste modu baten ikusteko ahalegina. Cézanne hobeto ezagututa, hobeto ulertzen dira Kandinskiren koadroak, adierazo dau Richard Armstrong New Yorkeko Guggenheim Fundazinoko zuzendariak.

Koadroak dira gehienbat, baina eskultura batzuk be badagoz Bilboko erakusketan. Megan Fontanella komisarioaren esanetan, mugarria da. Justin K. Thannhauserrek bere bilduma osoa Guggenheimi emoteko akordioa zarratu ebanean, honakoa esan ei eutsen museoko arduradunei: Disfrutau daizuela espero dot, nire bizitza osoa da.  

Erakusketako 50 piezen artean, badagoz bi Megan Fontanellak beren-beregi nabarmendu dituanak. Van Gogh eta Maneten koadro bana dira, eta berraztertze eta zaharbarritze luze baten ostean heldu dira Bilbora. XIX. mendean eukien itxurea berreskuratu dabe koadroek, Fontanellaren arabera.

Édouard Maneten Marradun jantzidun emakumea artistearen estudioan topau eben hil zanean, eta ez dakie amaituta dagoan ala Manetek beste detaileren bat gehitu nahi ete eutsan. Kontuak kontu, artearen historiaren lekuko garrantzitsutzat aurkeztu dau Fontanellak. Zaharbarritutako beste koadroa Vincent Van Goghen Zubibidea da, 1887koa.

Bitxikeria bat be kontau dau komisarioak Van Goghen koadroen harira. Jakina danez, konposizino koloretsuak gustuko zituan margolari nederlandarrak, baina susmoa dabe tonalidade batzuk galdu egin dirala denporeagaz. Puntako teknologiaren bidez egindako azterlanei esker, morea eta larrosa sarri erabilten zituala jakin dabe. Saint-Remyko mendiak koadroan agiri diran lora zuri batzuk, antza danez, larrosak ziran Van Goghek marraztu zituanean, 1889an.

Vincent Van Gogh, 'Saint-Remyko mendiak', 1889.

Hiru areto hartzen ditu erakusketeak, eta horreetako batek Picassoren obrak baino ez ditu, Thannhausertarren bilduman pisu handia eukan artistea zalako. Artistearen estiloaren bilakaerea ikusi leiteke areto horretatik urten barik, obrarik obrako ibilbidea eginaz.

Le Moulin de la Galette koadroa dago, besteak beste, Bilbon, Picassok 1900ean Parisera heldu zanean marraztutako lehenengoa. Megan Fontanella komisarioak eta bere lantaldeak obrea berraztertu dabe, interpretazino barriak topetako asmoz. Pertsonaia batzuk modu baten marraztu zituan Picassok eta ondoren aldatu egin zituan, eta horrek zer pentsaua emon deutse adituei. Pariseko handitasunera heldu barri, Picasso oraindino bere ahots artistikoa topau nahian ebilela uste dau Fontanellak.

Pablo Picasso, 'Le Moulin de la Galette', 1900

Kontuak kontu, 2019ko martiaren 24ra arte ikusgai dago Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua, denporaldi honetako erakusketa handienetako bat Guggenheimen. Artearen historian funtsezkoa izan zan sasoi baten bilakaerea ulertzeko asmoz antolatu dabe eta Thannhausertarrek artearen sustapenean egindako ekarpena autortzeko. Artelanen osogarri, Thannhausertarren galerien argazki zaharrak, gutunak, koadroen ziurtagiriak eta abar ipini ditue. Bestetik, Megan Fontanellak idatzitako katalogoa be salgai dago.

Édouard Manet, 'Marradun jantzidun emakumea'. ca 1877-1880

2018/09/20 - 2019/03/24

Bilboko Guggenheim Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu