Deustuko Unibersidadeak 2018-19 ikasturtea hasi dau
2018-09-20 08:05 KultureaGizartearen gatazka eta beharrizanetan egon behar dabe unibersidadeek, José María Guibert errektorearen arabera.
Gizartearen, politikearen eta, batez be, hezkuntzearen alorreko hainbat persona ezagun bertan dirala, 2018-19 ikasturtearen hasierako ekitaldia egin dau Deustuko Unibersidadeak. Mezea egin dabe lehenengo eta, ondoren, paraninfoan edegiera berbaldia eskaini dau Joseba Madariaga irakasleak, pensinoen sistemearen inguruan. Igazko ikasturteko txosten akademikoa Eider Landaberea idazkari nagusi barriak irakurri dau.
Ondoren, agintarien txandea heldu da. José María Guibert errektoreak eta Iñigo Urkullu Lehendakariak egin dabe berba. Unibersidadeen zeregina, gaur egun, jakintzea zabaltzetik harago doala azpimarratu dau Guibertek, argitalpen zientifikoez gan ekarpen zabalagoa egin behar dabela uste dau.
Gizartearen gatazka eta beharrizanen lubakietan egon behar dabe unibersidadeek, errektorearen arabera. Gobernu, enpresa eta ganerako eragileakaz alkarlanean jardutea ezinbestekoa da horretarako. Guiberten esanetan, gatxa da barrikuntza zientifikoak gizarteari egiten deutsan ekarpena neurtzea, baina unibersidadeak ezagutzan aurrera egiteko ez eze, ekonomiak mobidu eta nazinoak sortzeko lana be egin behar dau.
Ikasturte honetako nobedade handietako bat da Medikuntzako gradu barria. Herri mailako apustua dala adierazo dau errektoreak eta publikoaren eta pribaduaren, bien, ekarpena beharrezkoa dala ganeratu. Deustuk eredu horretan egin nahi dau bere ekarpena, eredu horrek ekarri gaitu danok gagozan lekura eta horri esker dago Euskadi giza garapen indizeen buruan, dino Guibertek. Kritikak eragin ditu Deusturen erabagiak, EHUk aspalditik Medikuntzea eskaintzen dauelako sistema publikoan, baina errektoreak ziurtatu dau gradu hori ikasteko eskaria badagoala eta, ganera, mediku gehiago behar dirala.
Iñigo Urkullu Lehendakariaren berbaldiagaz amaitu da ekitaldia. Lehenik eta behin, Deustuko Unibersidadea zoriondu dau, Global Teaching Excellence Award 2018 saria emon deutsie eta. Deusturen bikaintasun ereduari errekonozimendua da hori, Urkulluren ustez.
Erakunde publikoen eta Deustuko Unibersidadearen arteko alkarlanaren emoitzak zehaztu ditu Lehendakariak ondoren: Formakuntzea eta talentua erakartea batetik eta irakaskuntza dualeko proiektuak martxan ipintea, bestetik.
Deustuko Unibersidadearen berezitasunak beti izan dira balioetan irakastea eta gizartearen aldeko zerbitzu-bokazino unibersala, ganeratu dau. Ikuspegi etiko, profesional eta humanistea eskaintzeko Deustun daben gaitasuna txalotu dau Urkulluk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!