Euskereari bultzadea emongo deutsie Arantzazun
2018-09-17 12:38 Euskerea berbagaiUrriaren 4, 5 eta 6ko nazinoarteko biltzarrean 50 hizlarik hartuko dabe parte, Euskaltzaindiak aurreratu dauenez.
Euskerearen historian eta azken hamarkadetako garapenean sano esanguratsuak diran efemeride bi gogoan hartuko ditue Arantzazun urriaren 4an, 5ean eta 6an: Batetik, Euskaltzaindiaren mendeurrena eta, bestetik, euskera batuaren 50. urteurrena. Urte batzuk lehenago hasitako ahaleginari tiraka, euskera estandarraren ibilbidea, hain zuzen be, Arantzazun bertan hasi zan 1968an.
Urteurren horreek biak gogoratzeko, nazioarteko biltzarra antolatu dau Euskaltzaindiak, Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018 izenburupean. Urriaren 4tik 6ra, euskerearen alderdi indartsuak zein makalak identifikau eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahaleginduko dira 50 aditu inguru. Izena emoteko epea urriaren 1era artekoa da eta bizkor ibiltea komenidu da, plazak mugatuak dira eta, 140 leku dagoz entzuleentzat.
Gogoetarako alkargune ez eze, aurrera begirako tresna barriak gizarteratzeko hitzordua izango da Arantzazuko biltzarra. Euskaltzaindiak nobedade bi aurkeztuko dituala aurreratu dau: Webgune barria eta Euskera Batuaren Eskuliburua.
Biltzarra aurkezteko agerraldian, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miriam Urkia euskaltzaina eta Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien koordinatzailea egon dira. Urrutia euskaltzainburuak adierazo dau Arantzazukoa biltzar berezia izango dala eta euskalgintzako eragile garrantzitsuenek parte hartuko dabela gogoratu dau: Mugarri bat izatea nahi geunke, euskerea bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako konbidau doguz euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak. Euskerearen etorkizuna bermatu nahi badogu, alkarregaz jokatu behar dogu.
Akademiak euskerearen etorkizuna dau helburu, eta Urrutiaren arabera hori gogoratzera joango dira Arantzazura: Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gagozala erakutsi nahi dogu, euskal gizarteagaz batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Eta horren adibide izango dira Arantzazun aurkeztuko doguzan baliabide linguistiko eta teknologiko barriak: Euskera Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune barria.
1964an Baionan egindako ahaleginen ostean, 1968ko urriaren 3an ezarri ziran euskera batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun egindako biltzar ezagunean. Orduan abiatu zan euskera bateratua, euskalkien arteko alkar-ulertze arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko. Bertan finkatu ziran, besteak beste, euskera batuaren lehen arau-moltsoak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea...
Mende erdi geroago, Euskaltzaindiak onartu dau euskera batua ez dala guztiz sartu beharrezko alor guztietan, baina urteotan egindako ibilibidea poztekoa dala uste dau. Gaur egun, jente gehien-gehienak euskera batuaren beharra autortzen dau eta euskerearen aurrerabidean ezinbesteko tresnea izan da hizkuntza bateratua.
Biltzarraren egitaraua, hemen.
Streaming bidez ikusteko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!