Euskal Poesiaren X. BBK Jardunaldiak Bilbon

Bizkaie! 2018-09-17 07:55   Kulturea

Hitzordu guztietan sartzea doban izango da leku guztiak bete arte.

X. BBK Poesia Jardunaldiotan, Bizkaia Zubia izango da protagonista, Portugalete eta Areeta lotzen dituan zubi berezia, bakarrenetakoa munduan eta UNESCOko Mundu Mailako Batordeak Mundu Mailako Ondare izentautakoa. Irakurri Hemen Javier Goitia Bizkaia ZubiKO injineru teknikoari oraintsu egin geuntsan alkarrizketea.

Kontuak kontu, Jardunaldiei hasierea emoteko, gaur, irailak 17, mahai-ingurua izango da, 20:00retan. Parte-hartzaileak: Marta Uriarte (Bizkaia Zubiaren Zuzendari Kudeatzailea) eta Jose Fernandez de la Sota olerkaria. Moderatzailea: Javier Arnaiz. Hortik aurrera proiekzinoa iragarri dabe: Hitz zubi bat / Un puente de palabras. Portugaleteko Jon Bañuelos Asumendigaz batera Jose Fernandez de la Sotak egindako filma, Bizkaia Zubiari, bere 125. urtemugan, ikus-entzunezko omenaldi poetikoa egiteko asmoz estreinauko da.

Errezitaldia be izango da martitzenean, hilaren 18an,: Harri eta zerua / Piedra y cielo, 20:00retan. Belaunaldi bitako gipuzkoar olerkari handi bigaz: Carlos Aurtenetxe eta Juan Manuel Uria. Egile biek euren azken liburuetako olerkiak irakurriko ditue eurek aukeratutako irudiak proiektetan diran bitartean.

Eguaztenean, ikuskizun poetikoa izango da: Mud emakumea / Mujer de barro. Angela Figuera euskal olerkariari Galatea taldeak egindako omenaldia, 20:00retan. Ana Guadalupe Fernandez (interpretazinoa), Txemi del Olmo (interpretazinoa), Ziomara Hormaetxe (jantza garaikidea).

Hilaren 20an, kontzertua-errezitaldia atondu dabe: Hitzaren zarata / El ruido de las palabras, 20:00retan. Javier Corcobado musikari, eleberrigile eta poeteak olerkia, berbea eta musikea bateratuko ditu Nacho Colis (bateria), Oskar Aparicio (tronboia) eta Jaime Yakaman (gitarra) taldekideakaz batera.

Azken egunean, hilaren 21ean, Iparraldetik eta hegoalderantz / De norte y sur kontzertua-errezitaldia izango da mugearen bi aldeetako euskal sortzaileakaz, Itxaro Borda olerkariagaz eta Mikel Inuntziaga kantautoreagaz, Euskal Herriaren Iparraldea eta Hegoaldea alkarrizketaren bidez lotuta.

Hitzordu guztietan sartzea doban izango da leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu