HABE-k gaur zabalduko dau epea izena emoteko euskerazko B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko

Bizkaie! 2018-09-14 10:10   Euskerea berbagai

Irailaren 14tik 25era bitartean emon ahal izango da izena.

HABE erakundeak gaur zabalduko dau euskerazko B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdi edegian izena emoteko epea. Proba honeetan parte hartzeko interesa dabenek irailaren 14tik 25era bitartean emon ahal izango dabe izena (biak barne), www.habe.euskadi.eus atarian. Igaz, 3.076 lagun aurkeztu ziran probatara, eta % 38,32k helburua lortu eben.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpean dagoan erakunde bat da HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea), eta deialdi honen bidez gaitasun-mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi deutse interesa daben herritar guztiei, izan be, HABEk egiaztatzen dituan maila horreek Europako Erreferentzia Markoak adierazotakoaren barruan bideratu dira, eta ekimen honegaz herritarrei bere gaitasun mailea era edegian be egiaztatzeko aukerea eskaini gura jake.

Igazko udagoienera arte ezinbestekoa zan euskaltegietako ikastaroren batean izena emonda izatea C1 (lehengo HABE 3, Hezkuntza Sailak kudeatzen dauen EGAren eta Administrazinoko hirugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) eta C2 (lehengo HABE 4 eta Administrazinoko laugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) mailak HABEren ziurtagirien bitartez egiaztatzeko. Azken urteotan, baina, deialdi edegia zabaltzen joan da, harik eta egiazta daitekeen mailarik altuenera (C2 mailara) heldu arte.


Deialdi honetan matrikulau ahal izateko honako baldintzak bete behar dira:

- Gitxienez 17 urte izatea edo 2018an betetea.

- Interesduna, gehienez be, gaitasun-maila bitarako matrikulau daiteke deialdi honetan.

- Matrikula egoki egin eta jarritako epean ordaintzea.
Horrezaz gan, ondoko gaitasun-probatan parte hartzeko azterketariak ondoko baldintza honeek be bete behar ditu:

- Matrikulea behar bezela bideratu.

- Azterketa-eskubideak ordaindu.

- Azterketa egunean ordurako bertan izatea.

- Azterketako arduradunaren aurrean identifikau, nortasun-agiri edo agiri ofizial baliokideren bat aurkeztuz.

Izen-emotea Internet bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.eus atarian ‘sarbidea’-n klik eginez. Noizbait euskaltegiren batean ibilia izan ezkero, izena emon nahi dauenak ‘erabiltzailea’ eta ‘pasahitza’ izango ditu. Inoiz euskaltegiren batean ibili ez diranek, HABEn erregistretako aukerea izango dabe eta jarraian izena emoteko inprimakia bete beharko dabe.

Matrikula-ordaina 60 eurokoa izango da maila bakotxeko. Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi dauen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu, baina jakin behar dau egun, ordu eta leku berean bateratu ahalko dituala HABEk hainbat mailetako azterketak, matrikulazino-kopurua eta azterketak egiteko behar diran baliabideak kontuan hartuta.

Matrikula-epea zarratu eta hamar egun baliodunen epean emongo dau argitara HABEk www.habe.euskadi.eus atarian deialdi hau egiteko maila bakotxerako aurreikusitako egutegia: onartuen zerrendea argitaratzeko eguna, probak egiteko egunak eta lekuak, eta proben emoitzak jakinarazoteko datak.

Igaz 3.076 lagun aurkeztu ziran deialdi edegi honetako azterketetara, eta % 38,32k lortu eben (1.179 azterketarik) B1, B2, C1 edo C2 maila egiaztatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu