'Goazen Euskaltegira'

Bizkaie! 2018-09-11 12:49   Euskerea berbagai

Bilbon 17 euskaltegi dagoz eta 2018/2019 ikasturterako matrikulazinoa egiteko epea zabaldu dabe.

Goazen Euskaltegira! Apuntau zaitez! kanpainearen bidez herritarrei gure hizkuntzea hobeto ikasteko adorea emotea da asmoa. Kanpainea urian ikusgai egongo da autobusetan, erlojuetan eta publizidade-zutabeetan, euskera alkarrizketa guztietan hizkuntza nagusia izan daiten. Horretarako herritarrak hizkuntza ikasi deien animetea dau helburu kanpaineak.

Gurasoek, aisialdiko monitoreek eta diru-sarrerei buruz ezarritako baldintzak beteten dituenek diru-laguntzinoak eskuratu leikiez euskerea ikasteko, ikasturtea amaituta, horretarako asistentzia egiaztatuta.

Goazen Euskaltegira! goiburuaren bidez, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak kanpaina hau abiarazo dabe herritarrak euskerea ikasi deien eta bildur eta lotsa barik berba egin deien bultzatzeko ez eze, baita euskaltegietan matrikulau daitezen be.

Irailaren amaierara arte, kanpaina koloretsua egongo da uriko kaleetan bilbotarrak euskerea ikasteko euskaltegietan izena emon deien.

Matrikulea egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik eta azken helburua euskerea eguneroko bizimoduan erabiltea eta herritarrek alkarrizketetan esaten daben lehenengo berbea euskeraz izatea da.

Goiburu hori zenbait euskarritan ikusi ahal izango da: urian ibiliko diran 5 bilbobusetan, 24 publizidade-zutabetan eta udalaren 5 erlojutan.

Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Sailak eta Euskaltegien sareak alkarregaz egingo dabe dei hau hizkuntzearen normalizazinoa lortzeko eta erabilerea suspertzeko. Kanpaina honegaz, jenteak euskeraz egunero berba egin daiala lortu gura da eta horretarako lehenengo pausua Bilboko 17 euskaltegietako batera joan eta urriaren 1ean hasiko dan ikasturterako matrikuletea da. Euskaltegietan bertan dagoz euskerearen ikaskuntza, erabilerea eta normalizazinoa sustatzeko tresnak. Aurten be mueta guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara egokituta.

Euskerearen normalizazinoan egundoko garrantzia izan dabe euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osotzen dabe eta. Horregaitik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen deutsen zubia egiten jarraitzen dau, laguntzinoa emonda euskerea ikasi gura dabenei.


Diru-laguntzinoak

Bilboko Udalak 209.000 euro erabiliko ditu diru-laguntzinoak emoteko euskerearen normalizazinoan indar biderkatzailea daben kolektiboei, hau da, gurasoei eta aisialdiko monitoreei.

Bilboko ume eta gaztetxu gehienak ikasketak euskeraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez ebelako euskerea ikasteko aukerarik izan. Holako laguntzakaz euskerea ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko hartu-emonetan.

Kolektibo horreek ez eze, deialdian diru-sarrerei buruz ezarritako baldintzak beteten dituenek be diru-laguntzinoak eskuratu leikiez. Diru-laguntzinok 2019ko udan emongo dira, behin 2018-2019 ikasturtea amaituta, pagautako matrikulearen zati bat itzuliz.


Euskaltegien sarea

Bilbon 17 euskaltegi dagoz eta horrek esan nahi dau ia barruti guztiek dabela euren euskaltegia. Igaz, 2017-2018 ikasturtean, 6700 ikasletik gora emon eben izena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu